Udal kiroldegietako kanpoko igerilekuak, zabalik
Udal kiroldegi bateko kanpoko igerilekua.Donostiako Udala Gaur, hilak 15, udako denboraldia abiatu dute Donostiako Udalaren kirol instalazioetan, Altza, Etxadi eta Intxaurrondoko kiroldegietako kanpoko igerilekuen irekierarekin, baita solariumeko eremuarenarekin eta Paco Yoldi kiroldegiko ur jokoenarekin ere. Era berean, gaur bertan sartu da indarrean udako ordutegia Donostia Kirolaren sare osoan.
Hain zuzen ere, igerilekua duten kirol instalazioak egunero egongo dira zabalik udan, igandeak eta jaiegunak barne. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegiek ordutegi zabalenak izango dituzte asteburu eta jaiegunetan, 09:00etatik 20:30era irekita. Bestalde, kanpoko igerilekuak eta Paco Yoldiko ur jolasak egunero erabili ahal izango dira, 10:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, astelehenetik ostiralera, urteko ohiko ordutegiak mantenduko dituzte. Hala ere, Paco Yoldi kiroldegia 06:30ean irekiko dute, eta Altzakoa 7:00etan. Neurri hori aurten sartu da indarrean, “goizeko lehen ordutik kirola egitea errazteko”, udalaren arabera. Egiako kiroldegia ere iaz baino ordu erdi lehenago irekiko dute uda honetan, 08:30ean.
Udalak gogorarazi duenez, 2025eko udan, 500.000 erabilera baino gehiago zenbatu zituzten hiriko kirol zentroetan; hau da, egunero, batez beste, 5.800 erabiltzaile.

