Etxebizitza publikoa sustatzeko protokoloa garatu du udalak Jaurlaritzarekin batera
(Argazkia: Ion Lopez) Hirian etxebizitza publikoa sustatzeko lankidetza eredua bultzatzen jarraitzeko asmoz, gobernu batzarrak udalaren eta Jaurlaritzaren arteko Jarduera Protokolo Orokorraren dokumentu onartu du, hiriko hainbat hirigintza eremutan babes publikoko etxebizitzen edota alokairuko zuzkidura bizitokien eskaintza sustatzeko eta garatzeko.
Etxebizitzak eraikitzeko protokolo horren barruan, hainbat esparru identifikatu dituztela azaldu du Jon Insausti alkateak eta horietan guztietan 5.000 etxebizitza baino gehiago egiteko aukera. Edonola, gune bakoitzak bere lanketa beharko duela gogoratu du. Epe ertain eta luzera begira, “markoa jarri dugu eta kasuz kasu joango gara zehazten nola eraikiko dugun partzela bakoitzean”.
Insaustik aliantzen balioa nabarmendu du: “Lau eskuk bik baino gehiago eraikitzen dute. Etxebizitza erronka partekatua da eta aliantzek indartsuago egiten gaituzte”. Tokiko Gobernu Batzarraren bileraren ondorengo agerraldian ezagutarazi du neurri hori alkateak. Ondoren, kazetarien galdera txandan, Martuteneko kartzela dagoen orubean aurrera eraman asmo duten Txomin II hirigintza garapenari buruz galdetu diote. Kartzela noiz eraitsiko duten zehaztu ez badu ere, behin hustuta, baimenak lortu bezain azkar izango dela aurreratu du Insaustik eta “lehenbailehen” izatea nahi duela onartu.
Lurraren jabeak udala eta Espainiako Justizia ministerioa dira, eta gunearen udala Espainiako Justizia ministerioarekin lursailen banaketa berria lantzen ari dira. 500 bat etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, bakoitza zein motatakoa izango den eta administrazio bakoitzak —udalak, ministerioak eta Jaurlaritzak– zer eraikiko duen erabakiko dute. Hau uztailerako amaituta izatea nahi du alkateak. Eraikiko diren etxeak “tipologia anitzekoak” izatea nahi du alkateak “kasuistika guztiei erantzuteko”, babestea nagusia izango bada ere.

