«Pentsio miserableekin ez dago hiri lagunkoirik», salatu dute pentsiodunek Donostian
Pentsiodunek Kursaalaren atarian egindako elkarretaratzea.Pentsiodunen mugimendua Ekainaren 16tik 18ra, Donostiako Kursaalean Adinekoen Hiri Lagunkoien Hirugarren Mundu Biltzarra egiten ari dira, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Imserso erakundeak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak (GFA) eta Donostiako Udalak antolatuta. Horren testuinguruan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak elkarretaratzea egin du astearte goizean Kursaalean bertan, euren egoera salatzeko.
“Topaketak 60 herrialde baino gehiago bilduko ditu, zahartze aktiboari, irisgarritasunari eta hiri diseinu inklusiboari buruz eztabaidatzeko. Kongresuan parte hartzea gustatuko litzaiguke, baina ez digute bertaratzeko aukerarik eman. Agian, erakunde horiek uste izan dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ez duela, zortzi urte baino gehiagoko mobilizazioen ondoren, pentsiodunen beharrizanei buruz hitz egiteko besteko entitaterik, nahiz mobilizazio horietan dozenaka mila pertsonak parte hartu duten”, salatu dute pentsiodunek.
Gogorarazi dutenez, “2025eko irailaren 25ean, erakunde horietako kide diren alderdiek (EAJ, PSE) eta VOXek betoa jarri zioten Legebiltzarrean gutxieneko pentsioak LGSraino osatzea helburu zuen Herri Ekimen Legegileari. HEL hori, 145.142 sinadurek, sindikatuek, erakunde sozialek, feministek eta gure herrialdeko 283 pertsona erreferentzialek babestu zuten”. Horrela, aldarrikatu dute “pentsio miserableekin” ez dagoela “hiri lagunkoirik”: “Gaur egun, 4,6 milioi pentsiodunek estatuan, 168.966k EAEn eta 51.103k Nafarroan 1.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzte eta gero eta pentsiodun gehiago ezin dira hilaren amaierara iritsi”.
“Bizi baldintza duinak dituzten pertsonekin lagunkoiak diren hiriak askoz adiskidetsuagoak dira”, gehitu dute. Horregatik, kongresua hau antolatu duten erakunde publikoei “baliabide gehiago eta diskurtso gutxiago” eskatu dizkiete: “Gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataraino (LGS) osatu, orain! Mendekotasunaren arretarako eta osasun zerbitzu unibertsalak”.

