Zazpi filmek osatuko dute aurtengo Bideoaldiko programazioa
'Norabidea' piezaren frame bat.Donostia Kultura Azken urteetan ikastaro eskaintzak gora egin du Larrotxene Bideon; aurten, zehazki, bederatzi ikastaro burutu dituzte, eta bertan parte hartu duten 85 ikasleek landutako ikus-entzunezko piezek osatzen dute aurtengo Bideoaldiaren programazioa; ekainaren 19an izango da proiekzioa, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Bertan, gainera, ikasleen parte-hartzea izan duten beste koprodukzio batzuk ere erakutsiko dituzte.
Programazioa osatzen duten zazpi pieza laburrak honako hauek dira: Jon eta Ane itsasertzean, Animando lo que nos rodea, Gautena: nadar sin agua, Pepa, Bailarinas rojas, Norabidea eta Eguneroko legez. Hala, horiek ikusteko gonbidapenak emanaldiaren egunean bertan eskuratu ahal izango dira Antzoki Zaharreko leihatilan, 17:00etatik aurrera.
Ibilbidea eta etorkizuna
Dagoeneko 38 urte igaro dira Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxean bideo espezializazioa martxan jarri zenetik. Denbora horretan, eskola Gipuzkoako zinema munduko izen handi askoren harrobia izan da: 600 produkziotik gora ekoitzi dira eta ehunka lanen koprodukzioetan hartu du parte.
Aurtengo ikasturteari behin betiko itxiera emateko, beste hitzordu bat antolatu dute: Hitz eta Pitch saioa. Hilaren 26an izango da, 19:00etan, Intxaurrondoko kultur etxean. Pitching saio horretan, Larrotxene Bideoko lagun, ikasle eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetza berrien bila. Bertan parte hartu nahi dutenek mezu bat idatzi beharko dute larrotxene_bideo@donostia.eus. helbide elektronikora.

