Donostiako Zinemaldiko Klasikoak sailean eskainiko dute 'Ander eta Yul' film zaharberritua
Zaharberritze lanaren aurkezpena, Tabakaleran.Euskadiko Filmategia Euskadiko Filmategiak eta EITBk Ander eta Yul filma (Ana Diez, 1988) zaharberritu dute Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan (Italia). Donostiako Zinemaldiko Klasikoak sailean proiektatuko dute irailean, 4K formatuan. Hain zuzen, jaialdi honetan estreinatu zen duela 38 urte, zehazki, Zabaltegi sailean.
Zaharberritze lana Tabakaleran aurkeztu dute gaur, eta han izan dira Ana Diez zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Vanesa Fernandez EITBko Kultura eta Euskara zuzendaria, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendaria.
Espainiako Filmategian gordeta zegoen jatorrizko negatiboa, Boloniara eraman zuten 2025eko irailaren amaieran. Laborategietan aztertu eta eskuz konpondu zen, eta ultrasoinuekin garbitu zen. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeko eta soinua zaharberritzeko faseari ekin zitzaion, eta Bolonian bertan izan ziren Diez zuzendaria eta Gonzalo Fernandez Berridi filmeko argazki zuzendaria, lan horiek gainbegiratzen. Lan horiez gain, prozesu osoa kontrolatu dute zuzendari nafarrak eta Filmategiko teknikariek.
Euskadiko Filmategiaren Saria
Era berean, Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, Diezi emango dio saria Euskadiko Filmategiak, bere ibilbidea aitortzeko. Euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omentzen ditu sariak, eta, aurretik Pedro Olea, Montxo Armendariz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungria eta Jose Julian Bakedano zuzendariek jaso dute.

