EH Bilduk bost lan ildo proposatu ditu turismoa kudeatzeko, udal gobernuaren «utzikeria» salatu ostean
Markel Ormazabal zinegotzia, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu EH Bilduk Donostiako turismo ereduari buruzko gogoeta eta kritika sakona plazaratu du, eta udal gobernuari turismoa kudeatu eta arautzeari uko egitea egotzi dio, azken honen hazkundearen eta sortzen dituen kalteen aurrean.
Koalizioaren arabera, udalak “arduragabekeriaz eta utzikeriaz” jokatu du, errealitateari erantzuteko borondaterik erakutsi gabe eta “zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto” lemapean jardunez.
Arazoaren jatorria
EH Bilduren iritziz, azken hamarkadan hiriak pairatu dituen aldaketak —hala nola gentrifikazio komertziala, bizitzaren garestitzea eta espazio publikoaren masifikazioa—, ez dira kasualitatea, turismo politika zehatz baten emaitza baizik.
Ildo horretan, salatu dute udal gobernuak ustezko ontasunak ospatu dituela, donostiarrengan eragindako arazoak modu sistematikoan ezkutatzen zituen bitartean. Koalizioak adierazi du bizilagunen aldarrikapenei “entzungor” egin dietela eta ondoezak gainezka egin duenean bakarrik hartu dutela kudeaketaren bandera.
Udalaren erantzukizuna
Markel Ormazabal zinegotziak azpimarratu du udal gobernuak hartutako neurri gehienak “herri presioaren ondorio direla” eta “berandu iritsi direla”; horren froga gisa aipatu du presio turistiko handiena jasaten ari diren auzoetan ematen ari den biztanle galera. Horrez gain, EAJren “hitzen eta ekintzen arteko kontraesana” salatu du, turismo ostatuz gainezka deklaratutako auzoetan hotel berriak irekitzeko salbuespenak mantentzen direlako.
Bestalde, Ormazabalek gogor salatu du Jon Insaustik alkatetza hartu duenetik turismoa EAJren agenda politiko eta mediatikotik desagertu dela. Adibide gisa, hiriak etorkizuna prestatzeko abiatu duen Donostiarra Topera 2040 ekimenean, herritarrek hausnartzeko zazpi lantalde egon arren, turismoa ez dela inon ageri azaldu du.
Turismoa gobernatzeko bost printzipioak
Egoera iraultzeko, “zorroztasuna eta ardura” exijitu ditu koalizioak. EH Bilduk “herritarrekin konprometituta” dagoen alternatiba “egingarri” bat aurkeztu du, leheneratze politikak eta konpentsazio neurriak aplikatzea aurreikusten duena. Hauek dira proposatzen dituzten bost ardatz nagusiak:
- Donostiarrak subjektu aktibotzat hartzea.
- Politika publikoak planifikatzea haien koordinazio eta kohesio egokia bermatzeko.
- Karga ahalmena ezartzea.
- Desazkundea eta leheneratze politikak definitzea.
- Sektore turistikoaren mende ez dagoen ekonomia sustatzea.
Ormazabalek zehaztu du bost ardatz horiek “oinarri” izango direla etxebizitzan, gobernantzan, ekonomian, merkataritzan, ingurumenean, ongizatean, euskaran, kulturan eta mugikortasunean neurriak eta politikak garatzeko, “herritarren ongizatea berreskuratzeko”.

