Martuteneko «isurketa kutsatzaile» bat salatu du Eguzkik
Isurketaren bat ikustean, "lehenbailehen" 112 larrialdi zenbakira deitu behar dela gogorarazi dute ekologistek.
Martuteneko isurketa, Urumea ibaira.Sarroeta auzo elkartea Eguzki talde ekologistak salatu zuenez, “beste isurketa kutsatzaile bat” gertatu zen asteartean (hilak 16) Martutenen, 27 Industrialdetik Urumea ibaira. Ekologistek azaldu dutenez, Martuteneko Sarroeta auzo elkarteak eman zien isurketaren berri, eta gogorarazi dute herenegun beste isurketa kutsatzaile bat izan zela Gipuzkoan: “Alegian nabaritu zuten gasolio isuria, Amezketa ibaitik Oriara iritsi zena”.
“Uda atarian gaude eta udan, normalean, ugaritu egiten dira isurketa salaketak. Oporrak direla eta, enpresa batzuek “garbiketa” egiten dute, eta, oro har, ibaiek eta errekek ur gutxiago eramaten dutenez –egunotan bezala, beroaldia dela eta–, isurketa ‘arrunta’ ere urteko beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira”, nabarmendu du Eguzkik. Ohikoak izanik ere, ordea, ohartarazi dute isurketak ez direla “normaltzat” jo behar, “ibai, erreka nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez baita inolaz ere normala”. “Beraz, irmoki salatu egin behar dira”, gehitu du talde ekologistak.
Horrela, isurketaren bat ikustean, “lehenbailehen” 112 larrialdi zenbakira deitu behar dela gogorarazi dute: “Handik jarriko dute martxan protokoloa, Ura agentziako ikuskatzaile bat isuria detektatu den lekura joatea aurreikusten duena”. 112 zenbakira deitu ostean, Eguzkirekin harremanetan jartzera animatu dituzte herritarrak, eguzki.eguzki@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz: “Ahal dugun neurrian, jarraipena egiten saiatuko gara eta, hala badagokio, publikoki salatuko dugu”.

