Amarenak: moda, memoria eta euskal nortasuna uztartzen
Euskal jantzi tradizionalak gaur egungo ikuspegitik berrinterpretatzeko asmoz, duela hamar urte sortu zuen Amarenak proiektua Oihane Pardo Perezek. Gaur-gaurkoz, Donostiako Parte Zaharreko dendan, jantziak ez ezik, istorioak ere aurki daitezke.
Oihane Pardo Perez, Amarenak proiektuaren sortzailea.Garazi Etxaniz Idarreta Non: Arrandegi kalea, 4, Parte Zaharra.
Telefonoa: 644-46 30 71.
Webgunea: Amarenak.com.
Amarenak izen berezia da. Nondik dator?
Amarenak izenak nire familiako istorio batekin du lotura. Txikitan, amonaren kaiku zahar bat eman zidan amak. Urte luzez erabili nuen, baita atzerrian bizi nintzenean ere, eta etxearekin lotzen ninduen zerbait bihurtu zen. Txinan bizi nintzela, jada oso hondatuta zegoen, eta berria erostera etorri nintzenean konturatu nintzen merkatuan zeudenak mozorro modukoak zirela. Orduan erabaki nuen niretzat bat egitea eta handik sortu zen proiektua, ekintzaile gazteentzako programa baten laguntzaz. Amarenak izenak belaunaldiz belaunaldi jasotako ondare hori irudikatzen du: amonak amari eta amak niri emandakoa.
Zer aurkituko du bisitariak dendan sartzean?
Kaikua da gure ikur nagusia da, baina askoz gehiago dago. Euskal ehun ondarean eta historian oinarritutako bildumak sortzen ditugu: Bergarako ehungintzaren historia, emakumeek erabiltzen zituzten burukoen esanahia edo Elkanoren moduko pertsonaien ondarea. Helburua ez da arropa saltzea soilik; gure kultura eta historia ezagutaraztea ere bada.
Moda tresna egokia al da euskal nortasuna indartzeko?
Guztiz. Moda erabiltzen dugu kultura zabaltzeko tresna gisa. Dendan jasotzen ditugun datuen arabera, bisitarien %70ak euskal kulturari buruzko zerbait berria ikasten du dendatik pasatu ondoren.
Egia da turista ugari etortzen direla, baina gure asmoa izan da bertakoak ere erdigunera erakartzea. Hizkuntzari dagokionez, beti euskaraz egiten dugu lehen hitza. Euskara gure eguneroko jardunaren parte da: dendan, sare sozialetan, eta bildumen izenetan erabiltzen dugu.
Kilometro zero, ehun naturalak eta edizio mugatuak dira zuen ezaugarriak.
Ez du zentzurik euskal ondarea aldarrikatzeak eta ekoizpena munduko beste puntan egiteak. Horregatik, ahal den neurrian, ekoizpena Euskal Herriaren inguruan egiten dugu. Ehunetan ere material naturalak lehenesten ditugu, batez ere kotoia, lihoa eta artilea.
Edizio mugatuek gure filosofiari erantzuten diote: ez dugu marka erraldoi bat izan nahi. Nahiago dugu eskala txikian lan egin, gehiegizko ekoizpena saihestu eta benetan behar dena sortu. Horregatik erabiltzen ditugu aurresalmentak eta itxaron zerrendak.
Enpresekin ere egiten duzue lan. Zer eskaintzen diezue?
Hotel, jatetxe eta kultur erakundeekin egiten dugu lan, betiere gure balioekin bat egiten badute. Besteak beste, Villa Favorita hotelaren, Euskadiko Orkestraren edo hainbat jatetxeren jantziak diseinatu ditugu.
Azken urteotan, dibulgazio lana ere indartu dugu. Hitzaldiak eta tailerrak eskaintzen ditugu, moda eta diseinua herri baten kultura, historia eta nortasuna transmititzeko tresna eraginkorrak izan daitezkeela erakusteko.


