Artikutzako presaren zati bat eraisteko lanak abian dira
Artikutzako presa, urtegia zenaren beste aldetik ikusita. Ikus daitekeen moduan, naturak bere bidea egin du urez beteta egondako eremuan.Donostiako Udala Artikutzako presaren —Enobietako presa gisa ere ezaguna— zati bat eraisteko lanak maiatzean hasi zituzten, eta “aurreikusitako egutegiaren arabera aurrera doaz”, Donostiako Udalak nabarmendu duenez. Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak, Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak eta Life Kantauribai proiektuan parte hartzen duten entitateen ordezkariek ostegunean bisitatu zituzten lanak.
Espezieak eta habitatak kontserbatzeko proiektu espezifikoa da Europako Batasunak finantzatzen duen Life Kantauribai, eta Nafarroako Gobernuak koordinatzen du, Orekan sozietate publikoaren bidez. Horrela, Artikutzan orain arte Europan egin den mota horretako ibai lehengoratze handiena egiten ari dira, eta, horri esker, Enobieta errekaren —Añarbe ibaiaren adarra da, Urumearen arroaren barruan— jarraitutasun ekologikoa berreskuratuko dute, eta “Artikutzaren bihotzean dagoen ingurumen balio handiko ekosistema baten funtzionamendu naturala lehengoratuko da”, udalaren hitzetan.
“43 metroko altuera, 180 metroko luzera eta 35 metroko lodiera duen Artikutzako presa, tamainari dagokionez, Frantziako Vezins presa (36 metroko altuera) baino handiagoa da. Presa hori partzialki eraitsi zen 2019 eta 2020 artean. Horrela, Artikutzako esku hartzea Europako erreferentea da ibai lehengoratzeen esparruan”, nabarmendu du udalak.
Zehazki, zazpi metroko zabalerako eskotadura bat irekiko dute presaren ezkerreko gainezkabidean, gailurretik lurraren kota naturalaren azpitik metro batera arte. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da; horietatik 640.000 euro Donostiako Udalak finantzatuko ditu eta gainerakoa Life Kantauribai proiektuak. Zazpi hilabeteko egikaritze epea du proiektuak, eta maiatzean hasi zituzten lanak.

Artikutzako presako lanak bisitatu dituzte Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzi Iñigo Garciak, Jose Maria Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilariak eta Life Kantauribai proiektuan parte hartzen duten entitateen ordezkariek.Donostiako Udala
Eremuaren historia
Artikutzako eremua Donostiako Udalarena dela 1919tik (Goizuetako lurretan dago berez), eta Enobietako edo Artikutzako urtegia Donostiako udal ur iturria izan zela 1960tik 1976ra. Urte horretatik aurrera, aldiz, Añarbeko urtegia zerbitzuan jarri zenez, ez zen ia erabiltzen, eta 1992an Artikutzako ur hornidura behin betiko eten zuten.
Horrela, presa kaltetuta zegoela eta, urtegia hustea erabaki zuten 2019an, hain zuzen ere, Artikutza Donostiaren esku zegoenetik ehun urte bete zirenean. Urtegia zenaren eremua nabarmen lehengoratu da urteotan, eta presa partzialki eraitsita lehengoratze prozesu horretan sakontzea da aurreikuspena.

