Donostiako EAJk eta EH Bilduk bat egin dute foruen abolizioaren 150. urteurrenaren harira
Donostiako Udalbatza.Donostiako Udala Alkateen Mugimenduaren 50. urteurrena eta foruen abolizioaren 150. urteurrena oroitzeko adierazpena ondu dute hamalau herritako EAJko eta EH Bilduko alkateek, eta agiri horri atxikipena adierazi diote Donostiako EAJren eta EH Bilduren udal taldeek. Zehazki, bat egin dute uztailaren 19an Bergaran antolatutako “ekitaldi politiko instituzionalaren helburuekin, 1976ko udal ordezkarien ekarpena aitortzeko”. Burujabetzaren bidean, “urrats gehiago” eskatuko dituzte ekitaldi horretan.
Efemeride horien garrantzi historikoa nabarmendu dute Donostiako EAJk eta EH Bilduk, hedabideetara bidalitako ohar bateratuan: 1876ko uztailaren 21eko legeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru erregimena abolitu zuen, Bigarren Karlistaldiaren amaieraren testuinguruan, eta, ondorioz, eskubide historikoak eta Euskal Herriko lurraldeen subiranotasun politikoa galdu ziren. Mende bat geroago, 1976ko uztailaren 21ean, Euskal Herriko hainbat lekutako udal ordezkariak Bergaran bildu ziren Euskal Herriaren nazio nortasuna, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernu nahia aldarrikatzeko”.
Horrela, “Euskal Herriaren historian udalerriek izan duten paper erabakigarria” aitortu dute bi alderdiek dute, “bereziki foru tradizioan, udal demokrazian eta herri ordezkaritzan; eta etorkizunean erakunde demokratikoen eta, bereziki, udal erakundeen papera indartzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dute, Euskal Herriaren eraikuntza demokratikoan”.
Ildo horretatik, “beharrezkotzat” jo dute “aurrera egitea foru integrazioaren eta subiranotasun osoaren bidean, horretarako Euskal Herriko lurraldeen eskubide historikoak eta autogobernua eguneratuz eta egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituz”.

