Nautikoa eta kaiko beste hainbat azpiegitura berrituko ditu Eusko Jaurlaritzak
Jon Insausti eta Amaia Barredo sailburua, Donostiako kaiko Nautikoan, ostiral goizean.Irekia Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi eurotik gora bideratuko ditu Donostiako kaiko azpiegitura nagusiak “modernizatzeko eta indartzeko”, Jon Insausti alkateak eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak ostiral goizean egindako agerraldian azaldu dutenez.
Zehazki, 2.554.105 euroko inbertsioa egingo dute eta lan hauek egitea aurreikusi dute: Erreal Klub Nautikoak erabiltzen duen eremua eta Nautikoko ontziralekua berritzea, erdiko kaiaren egitura indartzea eta ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzea. Lan horiek “Donostiako portuko azpiegiturak zaintzeko eta hobetzeko estrategia planifikatu baten parte” direla nabarmendu du sailburuak: “Helburua azpiegituren erabilera bizitza luzatzea, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta instalazio horiek itsas ingurune bereziki zorrotz baten eskakizunetara egokitzea da”.
Mailakatuta, 2028ra arte
Lan horiek, hala ere, 2028ra arte luzatuko dira, modu mailakatuan. Alde batetik, Nautikoko ontziralekuko eskaileraren azken zatia berritzeko lanak dagoeneko hasi dituzte, 107.343 euroko inbertsioarekin eta hiru hilabeteko exekuzio epearekin.
Bigarren lan nagusia 2027aren hasieran hasiko dutela esan dute arduradunek, “portuko erdiko kaiaren egitura indartzeko lanekin”. Proiektu horrek 1,1 milioi euroko inbertsioa izango du, eta bederatzi hilabeteko exekuzio epea.
Azkenik, tamaina handieneko lana 2028ko lehen hiruhilekotik aurrera egingo dute, Donostiako Erreal Klub Nautikoko kaiaren eta ontziralekuaren erabateko berritzearekin. Horretarako, 1,34 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte, eta zortzi hilabeteko exekuzio epea aurreikusi dute.

