Parte Zaharreko bizilagunekin Bretxari buruz adostutakoa «ez betetzea» egotzi dio EH Bilduk udal gobernuari
Itziar Iturri EH Bilduko zinegotzia, Bretxari buruzko prentsaurrekoan.EH Bildu EH Bilduko zinegotzi Itziar Iturrik agerraldi bat egin du ostiral goizean Donostiako Udaletxean, salatzeko udal gobernua “ez dela betetzen ari” Bretxari buruz “Parte Zaharreko bizilagunekin eta EH Bildurekin adostutakoa”. “Bretxak publikoa izan behar du eta auzotarren beharrei erantzun behar die. Hori izan da, eta da, EH Bilduren bide orria azpiegitura estrategiko honen gainean hartu behar izan diren erabakiak hartzeko garaian exijitu izan duguna eta exijitzen duguna”, nabarmendu du.
Horrela, auzotarrek udalari egindako eskaerak gogorarazi ditu Iturrik: “Gimnasio publiko bat, adineko pertsonentzat gunea eta elkarteetarako bilgunea eta biltegia, besteak beste. Halaber, Parte Zaharrean dauden beste baliabideez, berriez zein zaharrez, hitz egin zen hauei zein erabilera eta zertarako izango ziren hausnartu eta definitzeko. Hala nola, Esterlines kaleko anbulatorio zaharra eta Plaza Berriko udaletxe zaharra”.
Era berean, alderdiak egindako zenbait proposamen ere gogora ekarri ditu zinegotziak: “EH Bildutik adierazi genuen kontsumo kooperatiba bat jartzeko aukera, auzoan sinergiak sortzeaz gain, Bretxako baserritarren ekarpena indartzen delako. Baina ezezkoa jaso genuen. Emakumeen Etxea bertan kokatzea ere iradoki dugu, auzoak eta Etxeak elkar eragin dezaketelakoan. Beste ezezko bat jaso dugu teknikoki funtsik ez duten argudioetan ‘oinarrituta’”. EH Bilduren ustez, “arrazoia erabat politikoa da. Hemen ere ez dago borondaterik EAJ eta PSEren aldetik”. “Baserritarren postuen kudeaketarekin, beste hainbeste; esandakoaren kontra egin du Udal Gobernuak, baserritarrek beraiek adierazi arren kanpoaldean nahi dutela jarraitu, herritarrekin harreman zuzena kalean eginez”, gaineratu du zinegotziak.
Eskaera zehatzak
Horrela, “hastapenetan adostutakoari eutsi”, eta “eskaera zehatzak” egin ditu EH Bilduk: “Adinekoen zentroaren birkokapena egitea; gimnasio publikoa egitea eta, ez bada, kirol gune pribatuan Kirol Txartela erabiltzeko aukera ematea; lehen solairuan Emakumeen Etxea kokatzea; auzotarrentzat diren bilguneak eta biltokiak hasieran adostutakoak izatea eta bai anbulatorio zaharrerako, bai Santa Teresa komenturako, baita udaletxe zaharrerako hasiera hartako elkarlana lehenetsiz, auzoan dauden beharrak bertakoekin adostea.
“EH Bilduren eskua luzatua dago elkarlanerako betiere herritarrak erdigunean jartzen badira eta haien mesedetan hartzen badira hartzen diren erabakiak. Hauek ezin dira inolaz ere aldebakartasunez hartu. Izan ere herritarrek ez badute parte hartzeko modurik eta, honenbestez, ez bada beraien borondatea jasotzen, prozesua porrot egitera bideratua dago” gaineratu du Iturrik.

