Teknikariek greba egun bat egingo dute Donostiako Aste Nagusian
Ikuskizun eta ekitaldietako sektoreko teknikariek Bilbon egin zuten prentsaurrekoa ostegunean.UGT Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egun bat egin zuten maiatzaren 15ean, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Teknikariok, ESK, LAB, CCOO, ELA eta CNT sindikatuek deituta egin zuten greba, eta patronalak lan hitzarmenari buruzko negoziazioa “blokeatuta” zeukala salatu zuten. Horrela, greba egun horren “arrakasta” eta negoziazioak “blokeatuta” jarraitzen duela ikusita, beste lau greba egun egingo dituztela iragarri dute teknikariek, aipaturiko sindikatuen babesarekin. Greba egun horietako bat Donostiako Aste Nagusian izango da.
Udako lau kultur eta aisialdi egitasmo handiri eragingo die greba deialdiak, BBK Live musika jaialdian eta Donostiako, Gasteizko eta Bilboko Aste Nagusietan egingo baitute greba, jai bakoitzean egun bateko greba eginez. Momentuz, ez dute zehaztu zehazki zein egunetan egingo dituzten grebak.
“Sindikatuok erakutsi dugu —beste behin ere— elkarrizketarako prest gaudela”, nabarmendu dute: “Korapiloak askatzen saiatu gara punturik garrantzitsuena azpimarratu baitugu. Horixe izan da, hain zuzen ere, negoziazioen hausturaren benetako eragilea: malgutasuna eta lan egutegietan aurreabisu duinik ez edukitzea”.
Euki patronalak, aldiz, sindikatuen “susmo guztiak berretsi ditu”, salatu dutenez: “Ez dute egiazki negoziatzeko inolako borondaterik”. Horrela, “errealitatearekin erabat deslotuta” egotea egotzi diote patronalari: “Nabarmena dena ukatzen du: lotsarik gabe dio sektore hau ez dagoela prekarizatuta. Kea saltzen du: faltsukeria diren ‘kontziliaziorako banakako akordioetan’ ezkutatuz. Errespetu faltak egiten ditu: hitz egiteko prest dagoela dio, baina lan egutegiari eta aurreabisuei buruzko eztabaidari betoa jarri dio”.

