«Aliantzak pisu handia hartzen ari diren garai batean gaude»
LGTBIQ+ Kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da Ekainaren 28a. Hala, zenbait eragilek egitarau berezia prestatu dute, elkarlanean, kolektiboari ikusgarritasuna emateko. Gipuzkoako Trans Asanbladako Alex Olzak azaldu dizkigu detaileak.
Iazko ekainaren 28ko manifestazioa.Joseba Parron San Sebastian Ekaineko egitarau bete-betean murgilduta harrapatu zaituztegu. Nola doaz E28aren bueltan antolatu dituzuen ekintzak eta zein sentsazio dituzue momentuz?
Aurtengo egitaraua oso anitza da. Gai desberdinak ukitzen ditu, eta uste dut horregatik jende anitza ari dela hurbiltzen jardueretara, interes desberdinengatik. Eta sentsazioei dagokionez, oso harrera ona izaten ari da, orokorrean, egitarau guztia.
Dagoeneko atzean utzi dituzue hilaren 18an eta 22an Marruman egindako ‘Desfamiliarizazioaren inguruko mahai ingurua’ eta Gildan egindako ‘Bizipen pertsonalak politizatzen’ tailerra. Zein izan da harrera?
Egitarau politiko oso interesgarria duen egitarau bat da, eta uste dut jardueren izaerak ahalbidetu duela jende ezberdina gerturatzea. Batzuetan, horrelakoetan, giroa ez da oso irisgarria izaten, baina egitarau hau badela uste dut. Jendea gerturatu da denetara, bakoitza interesatzen zitzaion horretara. Saiatzen gara norbera gustura egoteko zer edo zer egon dadin.
Aurten, elkarlanean aritu zarete beste eragile batzuekin (EHGAM, Donostiako Asanblada Transbollomarika…). Nola ikusten duzue LGTBIQ+ mugimenduaren gaur egungo osasuna Donostian eta Gipuzkoan?
Aliantzak pisu handia hartzen ari diren garai batean gaude. Queer mugimenduaren baitan bai, baina era intersekzional batean. Faxismoaren gorakadaren aurrean, egoera bortitzak ari dira gertatzen, baita Donostian ere, etxegabetzeekin eta arrazismoarekin, gehienbat. Gure aldetik, saiatzen ari gara horiei aurre egiteko aliantza intersekzionalak sortzen. Hori da, nire ustez, momentu honetan queer mugimenduak Donostian egiten duen lana. Hori, eta TERFen aurrerakadari aurre egiteko ekimenak egitea; horietarako asko eskertu dugu beste eragilekin harremantzea.
‘Egunpasa Transa!’ duzue bihar, Gladys Enean.
Asmoa da, eduki politikoa izan bai, baina disfrutatzeko eta guk espazio publikoa okupatzeko aukera bat izatea. Ikusgarritasuna eman nahi diogu borrokari, giro ludiko batean. Herri queerolak egingo ditugu, queertasunak eta euskalduntasunak lotura dutela ikusarazteko, eta piknik autogestionatu bat ere egingo dugu, norberak ekarritakoarekin. Elkarrekin bazkaltzeak eta denbora pasatzeak sartzen laguntzen duela uste dut. Eta hurbilduko den jendearekin hori egin nahi dugu, saretu. Shibari tailer bat egingo dugu!
Hori zer da, zehazki?
Sokekin egiten den diziplina artistiko bat da, Japoniatik datorrena. Normalean, pertsona batek beste bat lotzen du sokekin; praktika sexual gisa egin daiteke, ala ikuspegi artistiko batetik, gorputzen harremantzearen ikuspuntutik. Gorputzak kontaktuan egoteko praktika bat da. Sexu disidentzien praktika bat da, gehienbat, eta horrelakoak ikusaraztea ere bada gure helburua; uste dut nahiko aberasgarria izan daitekeela tailerra.
Eta etzi, ekainak 28, hitzordu nagusia: manifestazioa, 12:00etan, Bulebarrean. Zein izango da kaleetan zabalduko duzuen aldarri nagusia?
Jende asko hurbilduko dela aurreikusten dugu. Aurten, esan moduan, asko zentratu gara Donostian gertatzen ari diren etxegabetze eta egoera arrazistetan, horrek lotura handia duelako faxismoaren gorakadarekin. Hori da manifestazioaren ildoa.
Ekainaren 28ko manifestazioaren biharamunean, borrokak jarraitu egingo du. Zeintzuk dira Gipuzkoako trans komunitateak egunerokoan dituen erronka edo premia larrienak?
Bi ildo nabarmen daude, nire ustez; bata, TERFen aurka tinko mantentzea eta, bestea, gorputzaren autonomiarantz mugitzea. Trans medikalizazioa sahiestuz borrokatzea, horiek erregulatzen saiatzen ari diren pertsona eta erakundeen aurka.

