Bizirik irautearena
'Toy Story 5' filma. Filma: Toy Story 5.
Zuzendaria: Andrew Stanton.
Urtea: 2026.
Herrialdea: AEB.
Ia hiru hamarkada igaro dira Toy Story frankiziaren lehen alea zinema aretoetara iritsi zenetik –gurean estreinatu berri den bosgarren atalaren inguruan idatziko ditut lerrook–, baina sagak, oraindik ere, badu zer kontatua. Esaterako, nostalgia ariketa itzela da ikusle koskortuagoentzat, bizitza Andy lehen protagonista harekin batera ezagutzen joan garen millennial belaunaldiontzat. Izan ere, lehen, Andy ginen; orain, heldu gara. Era berean, sehaskatik ezagutu duten errealitate gatazkatsu bati begira jarriko ditu haur berriak: pantailen presentzia menderatzailea. Galdera, ordea, berdina da denentzat: posible al da irudimena eta teknologiaren arteko elkarbizitza?
Aurreko lanen filosofia existentzialistari eutsita, Pixarrek gaur egungo haurren pantaila denboraren inguruko kezka soziala erabili du kontakizun berriaren ardatz gisa. Bonnie da atal honetako protagonista, behar baino umeagoa den neskatila. Lagun berriak egiterako orduan lagungarri izan daitekeelakoan, gailu teknologiko adimendun berri bat oparituko diote gurasoek.
Aparatuak bere arreta bereganatuko du berehala, eta, ondorioz, Jessie, Buzz eta gainerako jostailuak bigarren planoan geratzen hasiko dira. Egoera horrek kezka eta ziurgabetasuna sortzen ditu haien artean, beren zeregina eta balioa zalantzan jartzeraino. Horrekin gutxi ez, eta Lilypad tresnak bere iritzi propioak ditu Bonnierentzat onena zer den erabakitzerako orduan, eta horrek gatazka zuzena sortzen du, jostailu tradizionalak eta teknologia digitala are gehiago konfrontatuz.
Saga osoan presente egon den ideia da ordezkapenarena. Gogora dezagun Woody eta Buzz Lightyear lehia bizian ipini zituen lehen atala; Andy hazten ikustearen mina hirugarrenean… bada, bosgarren hau bizirik irauteari buruzko filma da ere. Baina bada alde esanguratsu bat: jostailuak ez dira soilik beste jostailu batzuekin edota denboraren igarotzearekin lehiatu behar; orain aplikazioen, bideoen, eta haurren harremanak izateko eta dibertitzeko gaitasuna guztiz irauli duten gailu adimendunen mehatxuei ere egin behar diete aurre.
Hala, dimentsio berri bat eman die Stantonek istorioari eta pertsonaien gatazka emozionalei. Mundua aldatu egin da, eta baita pertsonaien kanpoaldea, barrualdea eta haien inguruabarrak ere. Eta munduarekin batera aldatu da ere kontatzeko modua, inozentzia malenkoniatsu baten bidez, aurrez jasotako mezu gehienak zalantzan jartzen direla ohartzen garenean. Zentzu horretan, badira kontu esanguratsu bi: Andyk inoiz lortu ez zuen protagonismoa eskuratzen dute Bonnie eta Blaze giza protagonistek; eta, haiekin batera, lehenengoz, emakumezko panpin bat da kontakizunaren gidari eta heroia.
Filmak, hortaz, ez du soilik abentura berri bat eskaintzen; Pixarren iruditegia gaurkotu eta hain bizigabeak ez diren izaki horien bizitza aldarrikatzen du. Pantailen sukarrak estutzen gaituen honetan, horixe eskatzen genion, eta halaxe ekarri digu.

