Donostiak babestutako 250 etxebizitza berri bultzatuko ditu Altzako Esnabide eremuan
Esnabide eremuko simulazioa.Donostiako Udala Donostiako Udalak etxebizitza berriak eraikitzeko beste garapen bat sustatu du. Tokiko Gobernu Batzarrak Altzan dagoen Esnabide eremuko lehentasunezko jarduketaren aurreproiektua onartu du. Horri esker, ingurune hori berrurbanizatu eta 250 etxebizitza publiko berri eraikitzeko izapideak azkartu ahal izango dira.
Proiektu horrekin, Euskadiko lehenengo kapitala da Donostia horrelako egitasmo batekin, eta helburua da “etxebizitza gehiago eta modu azkarragoan” egitea. Obrak hasteko urtebeteko epea aurreikusten da.
Hirigintza eta etxebizitza banaketa
Esnabideko jarduketa eremuak 51.000 metro karratuko azalera hartzen du, eta sestra gaineko eraikigarritasuna 21.504 metro koadrokoa da. Espazio horrek erosketan zein alokairuan arrazoizko prezioetan dagoen etxebizitza eskaerari erantzungo dio.
Guztira eraikiko diren 250 etxebizitzak 4 eraikinetan banatuko dira: 136 etxebizitza sozialak izango dira eta 114 etxebizitza tasatuak izango dira. Azken horien barruan, batzuk jabetzan eta beste batzuk alokairuan eskainiko dira, baina oraindik ez da kopuru zehatza finkatu.
Era berean, gutxi gorabehera 350 garaje plaza eta 375 bizikleta plaza egitea aurreikusi da.
Hiria egitea
Jon Insausti alkateak azpimarratu duenez, jarduera hori “udalak etxebizitzaren erronkarekin duen konpromisoaren beste adibide bat da”. Alkatearen esanetan, “ez da soilik etxebizitzak eraikitzea, baizik eta hiria egitea”. Horregatik, proiektuak etxebizitza hutsez harago doazen azpiegiturak barneratzen ditu eta horrek guztiak “hiria lotzen” duela adierazi du.
Zentzu horretan, eremuan honako hauek lortuko dira: 26.864 metro koadroko parke publiko berde handi bat, baratze publikoetarako gune bat, kirol eremu bat, paisaia begiratoki gisako plaza bat eta haurrentzako jolas gunea, eta ekipamendu pribaturako 1.000 metro koadro.
Izapideak azkartzeko konpromisoa
“Bizkortzea eta burokratizazioa arintzea lehentasun politiko bihurtu ditugu udaletik”, adierazi du Insaustik. Alkateak gogorarazi du Donostiako beste gune batzuetan ere etxebizitza garapenak abian direla; izan ere, Lorategi Hirian 100 etxebizitza eraikitzeko lizentzia eman da, Aldakonean 285 etxebizitza berri egiteko proiektua aurkeztu da, eta Infernuko zein Añorga Txikiko garapenak ere martxan daude.

