Realak prest dauka 2026-2027ko denboraldirako jantzia
Nerea Eizagirre eta Mikel Oiartzabal jokalariak, Realaren jantzi berriarekin.Reala Dirudiena baino gertuago dago futboleko 2026-2027ko denboraldia, eta, hain zuzen ere, Realak prest dauka dagoeneko horretarako jantzi berria, astearte honetan iragarri duenez. Joma Sport enpresarekin egin du jantzia klub txuri-urdinak: “Gaur idatzi da Realaren eta Joma Sporten, klubaren babesle tekniko berriaren, arteko istorio ilusionagarri honen lehen kapitulua. Aliantza bat, non erakunde biek, duela urte askotatik dituzten balioak eta esentzia abiapuntu izanda, proiektu komun berritzaile eta handinahi bati helduko dioten”.
Lehenengo jantzia da aurkeztu dutena, txuri-urdina, alegia. “Dagoeneko salgai dago bai Elkano kalean dagoen dendan, bai online. Bihartik aurrera, baita ere, Anoetako dendan. Azal txuri-urdin berriak, Jomak garatutakoak, ohiko marra bertikal zuri eta urdinen esentziaren eta dotoreziaren aldeko apustua egiten du”, nabarmendu du klubak.
“Ikur batzuek ez dute berrasmatu beharrik. Izan ere, marra urdinak eta zuriak gure esentziaren parte dira, eta kolore batzuk baino askoz gehiago adierazten dute. Futbola ulertzeko modu bat dira, sentimendu partekatu bat eta Gipuzkoarekin, Donostiarekin eta klubaren historiarekin etengabeko lotura”, gaineratu du Realak.
Era beran, kamisetaren ezaugarri batzuk ere azaldu dituzte: “Proposamen dotorea, non klubaren DNA kamisetaren protagonista nagusia den, diseinu garaikide batean berrinterpretatua. Gainera, koloreekiko lotura hori lepoaren barrualdeko inskripzio batean islatzen da: “Aurrera txuri-urdinak!”, gure ereserkiaren parte den gerra oihua. Era berean, xehetasunek kamisetaren premium izaera indartzen dute. Ezkutua silikona satinatuzko da, eta horrek testura eta erliebea ematen dizkio; Jomaren logotipoak, berriz, bistarako itxura harmoniko eta zaindua ematen dio”.

