The Champions Burgerren moduko ekimenek egonezina sortu dute
The Champions Burger Anoetan egin zuten 2024an ere.Reala Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak kezka azaldu du The Champions Burger berriro Donostian ospatzearen aurrean eta galdera bat bota du: zer eragin dute benetan horrelako makroekitaldi gastronomiko ibiltariek tokiko ostalaritza-sarean?
Gastronomia ekitaldi ibiltari kopurua, formatu handikoak kasu honetan, handitu egin da azken urteotan eta argi dago jendea eta kontsumoa erakartzeko ahalmen handia dutela. Ekimenen legitimotasuna ezin da zalantzan jarri, baina horien ugaritzearen aurrean Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak gogoeta egin beharra ikusi du.
Ostalaritza Gipuzkoako eragile ekonomiko nagusietako bat izanik, donostiar hiriko enpleguaren %9,35 osatzen du. Sektoreko enpresas askoren egoera ekonomikoa ahula dela baieztatu du elkarteak. Lan, energia eta hornikuntza kostuak nabarmen igo direla argudiatu dute eta ondorioz enpresa marjinak nabarmen murriztu direla.
Hori kontuan hartuz, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak beste galdera bat egin du: zer ekosistema gastronomiko mota eraiki nahi dugu etorkizunari begira? Orain arte bultzatu den enpresa eredua txikia edo ertaina, tokiko ekintzailetzan, kalitatean eta bere udalerrietan errotua izan da. Azken aldian ordea, ekimenei ibiltari edo aldi baterakoei (The Champions Burger kasu) geroz eta protagonismo handiagoa ematen zaie, eta ekimen horiek egiten duten benetako ekarpena ebaluatzea eskatu du elkarteak. Honela argudiatu du Mikel Ubarretxena Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko presidenteak: “Eskatzen duguna da horrelako jarduketen ondorioak gertatu aurretik aztertzea. Ez gara ekitaldi zehatz batez ari, baizik eta kontsumo-ohiturak aldatzeko gaitasuna duen eta urteko hamabi hilabeteetan enplegua sortzen, zergak ordaintzen eta jarduera ekonomikoa mantentzen duten ehunka enpresari eragiten dien fenomeno gero eta ohikoago batez. Hainbeste erabaki publikok eta pribatuk duten eragina ebaluatzen badugu, zentzuzkoa da galdetzea zergatik inork ez dituen aztertzen makro-ekitaldi gastronomiko horiek tokiko ostalaritza-sarean izan ditzaketen ondorioak”.
Hausnarketa garaia
Elkarteak gogorarazi nahi izan du Garbera merkataritza gunearen handitzeak berak eztabaida handia sortu zuela alor instituzuonal, ekonomiko eta sozialean. Garaian zenbait sektorek haien kezka adierazi zuten proiektu horrek tokiko merkataritzan eta ostalaritzan izan zezakeen eraginagatik. Orain Garberan tokiko hainbat ostalaritza-operadore daude, lurraldearekin integratzeko filosofia ildo horri jarraiki. Horregatik argudiatu du elkarteak zilegi dela galdetzea ea horrelako ekimenek osagarritasun eta integrazio espirituari erantzuten dioten.
Amaitzeko Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak azpimarratu du The Champions Burger ekitaldi bat dela, baina baita aukera bat ere. Horrelako gertakariek ekar ditzazketen ondorioen datuak biltzeko eta eragina ebaluatzeko irizpide argiak ezartzeko: “Gipuzkoako eredu gastronomikoari eragiten dioten erabakiak informazioarekin, ebaluazioarekin eta ondorioen ezagutzarekin hartu beharko liratekeelako”.

