Uda honetan Urgull aisialdi, natura eta kultura erreferente izango da
Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra zabalik egongo dira Urgulleko Historiaren etxea, Natur Txokoa zein Liburutegia, eta haurrentzako doako jarduerak eskainiko dituzte.Donostia Kultura Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra Urgulleko Natur Txokoa, Liburutegia eta Historiaren Etxea irekiak egongo dira eta hainbat jarduera eta erakusketa antolatuko dituzte bertan San Telmo museoak eta Cristina Enea Fundazioak. Programatutako ekintzek aisialdia, natura eta kultura uztartzeko asmoa dute. Jarduera eta erakusketak haur eta familiei zuzenduta egoteaz gain publiko orokorrari ere zuzendua egongo dira eta denak doakoak izango dira.
Hiru guneak zabalik egongo dira, baina familientzat jarduera bereziak ere antolatuko dira: astelehenetan liburutegian, astearte eta asteazkenetan Natur Txokoan.
Bestalde, Historiaren Etxeak bi berrikuntza nagusi edukiko ditu. Lehenik, San Telmo museoak 2024an antolatutako Donostia oroigarri. Galarza Argazki Funtsa erakusketaren egokitzapen bat egingo dute bertan. Eta bigarrenik, Historiaren Etxeko kanoi gangako aretoan Donostia 1813 aurretik ikus-entzunezkoa proiektatuko da. Historiaren Etxea egunero dago irekia, astearteetan izan ezik, 11:00etatik 19:00ak arte. Bisitarien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, terrazara igotzeko txandak egingo dituzte ordu erdiro, edukiera errespetatuz. Gainera, irailean eta urrian ere zabalik egongo da erakusketa larunbat eta igandeetan (estropada igandeetan izan ezik).
Liburutegia egunero egongo da zabalik baita ere eta haurrentzako jarduerak antolatu dituzte: uztailak 6an, Zu zara magoa Edu Magoarekin, gonbidapenak egunean bertan jaso ahal izango dira 17:30etik aurrera; eta Urgullen kontu kontari, uztailaren 13tik aurrera astelehenero egingo dute, arratsaldez, Lur Korta Taldearen eskutik, doakoa izango da beste jarduera guztiak bezala, edukiera bete arte.
Natur Txokoa Cristina Enea Fundazioak kudeatzen du. Esan bezala, astearte eta asteazkenetan jarduera bereziak egingo dituzte, 17:00etan. Gainontzeko egunetan Artisten Txokoa egongo da zabalik, eskulanak egin ahal izateko. Hona hemen jarduera bereziak:
- Uztailak 7: Ongi etorri Natur Txokora! +3 urte.
- Uztailak 8: Urgulleko koloreak +3 urte.
- Uztailak 14: Urgulleko Hakoniwak +5 urte.
- Uztailak 15: Sukaldaritza agroekologikoa familian +5 urte.
- Uztailak 21: Piraten altxorraren bila +3 urte.
- Uztailak 22: Ortzadarrak zintzilik +5 urte.
- Uztailak 28: Babesten duten loreak: eguzkilore tailerra +5 urte.
- Uztailak 29: Baso txiki sorgindua +5 urte.
- Abuztuak 4: Maren, Urgulleko zaindaria +3 urte.
- Abuztuak 5: Lorez lore erleak ere +3 urte.
- Abuztuak 18: Urgull familian deskubritzen +5 urte.
- Abuztuak 19: Kattalin bidaiaria +3 urte.
- Abuztuak 25: Hondarrezko eskulturak +3 urte.
- Abuztuak 26: Uzta festa +3 urte.

