BasoJan, biodibertsitatea sustatzeko proiektua
Tokiko klimara egokitutako hogeita hamar espezie baino gehiago landatu dituzte.Mikel Goñi Donostiako Udalak BasoJan proiektua bultzatu du, berdeguneak natura eta biodibertsitate gela bihurtzen dituen baso jangarrien proiektua. Parke eta Lorategien Atalaren bidez sustatzen du prograna udalak eta hiri baso jangarrien proiektua da.
Baso jangarriak biodibertsitatea sustatzeko espazioak dira eta balio ekologiko txikiko berdeguneak elikagaiak ekoizteko erabiltzen dira. Iaz jarri zen abian egitasmoa eta haren balio nagusietako bat izaera parte hartzailea da. Baso horiek disinatu, sortu eta mantentzeko lanak herritarrekin batera egiten dira, azaldu du udalak. Gainera, ingurumen hezkuntza, belaunaldien arteko ezagutzen transmisioa eta espazio publikoetako kide izatearen sentimendua sustatzen ditu proiektuak.
BasoJan proiektuak naturaren funtzionamendua antzeratzen dituen nekazaritza eta baso sistemak sortu nahi ditu, hiri espazioak berroneratzeko, klima aldaketaren aurrean duten erresilientzia hobetzeko eta pertsonen eta natura ingurunearen arteko bizikidetza errazteko.
Proiektua Donostiako hiru ikastetxetan garatu da: Aiete Ikastetxean, Intxaurrondo Hegoan eta Ibai Ikastolan. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasle eta irakasleek parte hartu dute. Egindako lanari esker tokiko klimara egokitutako hogeita hamar espezie baino gehiago landatu dituzte, besteak beste fruta arbolak, zuhaixkak eta landare osagarriak. Gainera, natura ikasgela gisa gaitu dira aire zabaleko espazioak, ingurunearekin “zuzeneko harremana duten hezkuntza-jarduerak garatzeko”.
Gantxegiko (Antigua) ezpondara ere iritsi da BasoJan, bertan baso jangarri berria auzokideekin batera diseinatu eta sortu da, “proiektua auzoaren beharretara egokituz” adierazi du udalak. Puntzuetatik lortzen dira BasoJan proiektuan erabiltzen diren landareak, udalak bultzatzen dituen beste proiektu batzuen moduan, BERdeaPIZTU, Orkideazain eta Haziberri kasu. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak honako hau adierazi du: “ekimen honi esker, hiri berde, erresiliente eta parte hartzaileago baterantz aurrera egiten jarraitzen dugu, non ingurumen berroneratzea tresna gisa erabiltzen den hezkuntza eta bizikidetza sustatzeko, bai eta herritarrak espazio publikoaren zaintzan inplikatzeko ere”.
Baso jangarriek elikagaiak ekoizteaz gain, karbono hustubide gisa jarduten dute baita ere eta hektareako eta urteko 10 tona CO2 xurgatzeko ahalmena dute. Horrez gain, Donostiako Udalak ziurtatzen du bero uharte efektua arintzen laguntzen dutela eta ez dutela mantentze lan handirik behar, “baso ekosistemen berezko autoerregulazioari” esker.

