Deustoko Unibertsitateak Giza Eskubideen Nazioarteko V. Biltzarra antolatuko du Donostian
Donostiako Deustuko Unibertsitatea. Deustuko Unibertsitateak Giza Eskubideen erronka berriei buruzko V. Nazioarteko Biltzarra hartuko du Donostian, gizartea ardatz, elkarrizketarako eta hausnarketarako gune gisa. Egungo munduan, gizarte, politika, teknologia eta ingurumen arloetan ematen ari diren eraldaketa azkarren aurrean, ikertzaile, profesional, aktibista eta gizarte zibileko kideek lortutako aurrerapenak eta oztopoak ikuspegi kritikotik aztertzea da topaketaren helburu nagusia.
Eztabaidagaiak eta helburuak
Biltzarrak gaur egun garrantzia hartzen ari diren hainbat gai jarriko ditu mahai gainean: egiturazko desberdintasunak, migrazioak, krisi humanitarioak, teknologia berrien eragina, klima aldaketa eta pertsonaren duintasunaren defentsa ingurune ezegonkorretan, besteak beste.
Arazoak identifikatzeaz gain, topaketak lankidetza sareak indartzea, irtenbideak bilatzea eta eskualdean, Europar Batasunean zein mundu mailan giza eskubideak sustatzeko, babesteko eta eraginkor bihurtzeko konpromiso kolektiboa berrestea du xede.
Biltzarraren koordinazioaz Jon Lopez Gorostidi eta Elena Atienza Macias Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasleak arduratuko dira. Horiekin elkarlanean, batzorde antolatzaile eta zientifikoko beste kide batzuek osatuko dute taldea, guztiak Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

