Erantzunik gabe bi hilabete egon ondoren DOPAk Osakidetzako zuzendari nagusiarekin bilera eskatuko du
DOPAk prentsaurrekoa egin du jasotako erantzun eza salatu eta beste pausu bat emango dutela adieraziz.Maddi Viana Aurreko apirilaren 21ean egin zuen Donostialdeko Osasin Publikoaren Alde (DOPA) plataformak Donostialdeko ESIko arduradunekin biltzeko eskaera ofiziala, baina bi hilabete erantzunik gabe igaro ostean hurrengo pausua ematea erabaki du herri plataformak.
Etengabeko Arreta Guneen (EAG) “egoera penagarriarekin kezkatuta” daudela adierazi dute plataformako kideek emandako prentsaurrekoan. Horretaz mintzatzeko egin zuten bilera eskaera apirilean eta eskaeraren erantzun eza eta konponbideak topatzeko egin nahi dute bilera Lore Bilbaorekin, Osakidetzako zuzendari nagusiarekin.
Jaurlaritza berriak arazoak zeudela eta konponbideak aurkitzea “lehentasuna” izango zela adierazi zuela gogorarazi du DOPAk. Horretarako osasun itun bat sortu du Osakidetzak, herri plataformek eta ia sindikatu guztiek baztertu dutena. Itunak gainera aldaketarik ekarri ez duela ziurtatu du herri plataformak eta azpimarratu du egoerak okerrera ere egin duela.
Donostian hiru puntu daude osasun-zentroetatik kanpo arreta jasotzeko, printzipioz arreta medikoa izan beharko litzatekeena gogorarazi du DOPAk. Zentroak Bengoetxea, Amara Berri eta Gros dira. Gros eta Amara Berriko zentroak ordea erizaintza zentro bilakatu ziren 2024ean, beraz Bengoetxean soilik jaso daiteke arreta medikoa osasun-zentroetatik at. Horrez gain, herri plataformak ziurtatu du Bengoetxean ere arazoak daudela: “Bengoetxeak ere arazoak ditu, mediku artaketa emateko ezintasunarekin, maizegi”.
Egoera honen aurrean, DOPA datorren astean bertaratuko da Gasteizeko Osakidetzaren egoitza nagusira Lore Bilbaorekin bilera eskatzeko.

