Jesus Aiestaran eskalatzaile aitzindaria hil da
1960ko hamarkadan, Pirinioetan eta Europako mendietan lehen eskalada asko egin zituen, eta Santa Barbara eskolan hainbat bide zabaldu. CVCE elkartean ‘Errimaia’ aldizkariaren lehen zuzendaria eta arima izan zen; irakurzale eta idazle amorratua ere bazen.
Jesus Aiestaran, 2018an.Estitxu Zabala / Irutxuloko Hitza Jesus Aiestaran Suso eskalatzaileak duela bi urte eman zuen argitara bere azken liburua: Viejas historias (Istorio zaharrak). Liburu horretako azken olerkiak Ocaso du izenburua. Honela dio: «Erlojuak geldirik. Teilatupeko gelak itxita. Pianoa eta biolina mutu. Baratza, sastrakadi bat eginda. Urteak dira fruta arbolak desagertu zirela, txakurrak hil ziren, sokak eta espressak armairuan daude, eskiak garajean. Nire mundua izan zena, dena, hilda dago». Itzaltzen ari den egunari eta bizitzari buruz idatzitako poesia horrek zerbait iragarriko balu bezala, itzali da Suso Aiestaran ere (Donostia, 1936-2026). Iktus baten ondorioz zendu da, bart, 89 urte zituela.
Oso gazterik hasi zen mendian, 15 urte zituela, Txindokik liluratuta. Hala azaldu zion Berria-ri iazko urrian egindako elkarrizketan: «Ama Gaintzako baserri batekoa zen, eta, 15 urte nituenean, haren etxeko guztiek irteera bat antolatu zuten Txindokira. Denak bertan jaiotakoak ziren, eta parez pare zuten Txindoki. Baina inoiz igo gabe zeuden. Ni ere haiekin joan nintzen. Hura izan zen igo nuen lehen mendia. Guretzat egun handia izan zen hura!». 15 urterekin hasi zen eskalatzen ere, Santa Barbarako harkaitzetan (Hernani). Beste garai batzuk ziren: askotan oinez joaten ziren Donostiatik, eta sei edo zazpi bide besterik ez zegoen. Gaur egun, ehundik gora dira bideak, asko eta asko, Aiestaranek berak eta lagunek zabaldutakoak. Santa Barbaran azkenera arte jarraitu du eskalatzen: iaz, esaterako, 1961. urtean Juan Laredok eta biek Elutzetako harkaitzean eskalatutako bide bat errepikatu zuen, 55 urteren buruan.
Albiste hau Berria-tik ekarri dugu, CC lizentziei esker; bertan jarraitu dezakezue irakurtzen.

