Santiago Bernabeun hasiko du liga Realak
Realaren eta Osasunaren arteko kopako partidan, penaltietan erabaki zen kanporaketa.Reala 2026/27 denboraldiko futbol ligetako egutegiak zozkatu zituzten atzo iluntzean, eta, jada, zehaztuta daude denboraldiko partida guztiak.
Realaren gizonezkoen taldeak Santiago Bernabeun ekingo dio txapelketari Real Madril aurrez aurre duela, abuztuko hirugarren asteburuan, 15-16; amaitu, berriz, Anoetan, Villarrealen aurka. Pellegrino Matarazzoren taldea etxean ikusteko lehen aukera hirugarren jardunaldian izango dute zaletu txuri-urdinek, hain zuzen ere, Espanyolen aurka jokatuko duen norgehiagokan. Athleticen kontrako lehen partida San Mamesen jokatuko dute, azaroaren lehen asteburuan; Anoetan, aldiz, maiatzekoan.
Emakumezkoen taldeari dagokionean, kontrakoa. Zubietan hasiko dute liga, abuztuko azken asteburuan, 29-30, Logroño aurkari dutela. Amaitu, berriz, maiatzaren 22-23ko asteburuan, Sevillaren zelaian.
Azkenik, gizonezkoen bigarren taldea. Etxean jokatuko du lehen partida, Castellon hartuta, abuztuaren 15-16ko asteburuan. Denboraldia amaitzeko Leganesen aurka ariko da Jon Ansotegiren taldea, ekaineko lehen asteburuan, 5-6.

