«Euskararen aurkako oldarraldiaren hedapena» salatu dute ehunka lagunek Ibaetako campusean
Karlos Santamaria eraikinaren atarian egin dute elkarretaratzea.Aratz Garcia Zaldua Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, ehunka euskaltzale elkarretaratu dira ostegun eguerdian Ibaetako campuseko Karlos Santamaria eraikinaren atarian, “euskararen aurkako oldarraldiaren hedapena” salatzeko. Justizia euskararentzat, euskara guztiontzat lelopean, Donostiakoan ez ezik, Bilboko eta Gasteizko campusetan ere mobilizatu dira, eragile ugariren babesarekin: ELA, LAB eta Steilas sindikatuena, Euskal Herriko Ikastolak erakundearena, BIGE eta Denon Eskola federazioena, IAS eta Ikama ikasle antolakundeena, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduarena eta EHUko euskara taldeena.
Elkarretaratzean salatu dute unibertsitatera sartzeko probetan zenbait ikaslek lortutako emaitza eskasak euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia hezkuntzara hedatzeko “baliatu” dituela botere judizialak, “euskarari uko egitea sarituz eta pribilegiatuz”.
Horrela, Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz, “gertakari honek argi erakusten du botere judizialaren aldetik gertatzen ari den euskararen gutxiespen sistematikoa, euskara bigarren mailako eta gaztelaniaren meneko hizkuntza gisa betikotzeko asmoz”. Gaineratu duenez, “horri gehitu behar zaio gaur egun EAEko hezkuntzan indarrean dagoen hizkuntza ereduen sistemak milaka ikasle gutxieneko euskara maila lortzetik kanpo uzten dituela”.
Horren aurrean, “ikasle guztien euskalduntzea bermatzeko hizkuntza ereduen sistema gainditu” egin behar dela aldarrikatu du Kontseiluak, baita “euskarazko ikasketa eredua orokortu” behar dela ere. Euskalgintzaren Kontseiluaren adierazpen osoa hemen daukazue irakurgai.


