IPSEBek arrazoia eman dio Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteari
Ostertz (Kantina) establezimendua. Udalak 2009. urtetik aurrera emandako lizentziak berrikusiko zituela esan ondoren Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak berrikusitako espedienteen zerrenda eskatu zuen baina ez zuen erantzunik jaso. Orain Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak (IPSEB) arrazoia eman dio auzo elkarteari: Donostiako Udalak hamar egun izango ditu auzo elkarteak eskatutako informazioa emateko.
2024ko uztailean aurkeztu zuen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak Ostertz (Kantina) establezimendua goragoko jarduera talde batera aldatzearen aurkako errekurtsoa. Errekurtsoa administrazioarekiko auzien epaitegian aurkeztu zuen auzo elkarteak eta epaitegietatik udalaren Aholkularitza Juridikora bidali zen. Bertan errekurtsoa aztertu eta Jardueren Sailetik hartutako erabakien kontrako txostena egin zuen, errekurritutako ebazpena “zuzenbidearekin bat ez zetorrela” ondorioztatuz. Txosten horren ondoren, esan bezala, udalak informazio espediente bat hasiko zuela adierazi zuen eta baita 2009. urtetik emandako lizentzia guztiak berrikusiko zituela ere. Udalak hau esan eta urtebete ondoren, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak berrikusitako espedienteen zerrenda eskatu zuen, erantzunik jaso gabe.
Hori ikusita, auzo elkarteak IPSEBra jo zuen lizentzien berrikuspenaren emaitzaren berri emateko eskubidea aitortzea eskatuz. Ekainaren 29an jaso zuten ebazpena: erreklamazioa onartu diete eta Donostiako Udalari hamar eguneko epea eman dio eskatutako informazioa emateko.

