Lurraldebuseko linea bat jarriko dute Zubietako industrialdera, kartzelara eta kirol gunera iristeko
Lurraldebuseko linea esperimental berriaren aurkezpena, Zubietan.Gipuzkoako Aldundia Gipuzkoako Aldundiak Lurraldebuseko linea esperimental bat jarriko du martxan iraileko bigarren hamabostaldian, Zubietako Eskusaitzeta industrialderaino iritsiko dena. Autobus horrek astelehenetik igandera emango du zerbitzua, goizeko lehen ordutik (05:30-06:00) eguneko azken ordura arte (22:00-22:30) eta intermodala izango da.
Linea berriak BU15 izena izango du, eta industrialdeko langileei zein Zubietako espetxera eta Zubietako kirol gunera joan behar dutenei erantzuteko pentsatuta dago. “Orain arte ibilgailu pribatuaren eta zerbitzu berezien menpe egon diren ehunka langileren mugikortasuna erraztuko du, azken urteotan oso hazkunde handia izan duen industrialde honetan sartu ahal izateko. Gainera ireki berri den espetxerako sarbidea bermatuko du eta Zubietara garraio publikoan sartzea ahalbidetuko, Realaren partidetara joateko”, azaldu du Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Orain arte ez zegoen garraio publikoko irtenbiderik industrialde honetarako mugikortasun eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Horregatik, Aldundiak Lurraldebus Eskusaitzetara helarazteko apustua egin du.

