Memoria eta artxiboaren arteko elkarrizketa garaikidea
Carla Filipe, Angel Calvo eta Taxio Ardanaz, Tabakalerako areto nagusian.Tabakalera Tabakalerak Kooperatiba aurkeztu du, Carla Filipe eta Taxio Ardanaz artisten lana biltzen duen erakusketa. Iragan hurbila eta memoria historikoa jorratzen dituzte hainbat mugimendu politiko eta sozialek sortutako dokumentuen bidez.
Angel Calvo Ulloa da erakusketaren komisarioa, eta izenburuak elkarlanari, beste batzuekin batera eraikitzen denari, egiten dio aipamena. Hain zuzen ere, iraganari heltzeko bi moduren arteko bateratze lan batetik sortu da eta elkarrizketa bat artikulatzen du esperientzia kolektibo jakin batzuekin lotutako obra, artxibo, lengoaia grafiko eta adierazpide politikoen artean.
Carla Filiperen lanak artearen, herri kulturaren eta aktibismo politikoaren arteko harremanak ikuspegi kritikoz aztertzen ditu. Marrazkitik, collagetik edo fotomuntaiatik abiatuta, eta maiz dokumentu historikoak, ikonografia iraultzaileak, banderak edo kartelak bere eginda, alderdi sozialek, subjektiboek eta autobiografikoek zeharkatutako kontakizun sorta bat eraikitzen du.
Taxio Ardanazen lanak, bestetik, ideologiaren, errepresentazioaren eta memoriaren arteko tentsioak ditu ardatz. Pinturaren, instalazioaren, argazki-artxiboaren edo bideoaren bitartez, proiektu politiko zapuztuen eta erresistentzia kolektiboko zenbait moduren aztarna fisikoak esploratzen ditu, ikerketa historikoa eta saiakera bisuala oinarri hartuta.
Erakusketak ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko Tabakaleraren misioa indartzen du, bai praktika artistikotik, bai komisariotzatik. Izan ere, Tabakaleraren egitekoa da sorkuntza babesteko programen bitartez artisten ibilbideak laguntzea. Hain justu, horixe da Taxio Ardanazen kasua, Tabakalerak artista egoiliar gisa lagundu zuena 2021ean.
Sorkuntza berriak
Kooperatiba Tabakalerako erakusketa areto nagusiaren espazio osoan zehar hedatzen da. Artxibo partekatu bat dago hallean, artistek eta komisarioak berariaz taxutua, beren lan prozesuetan zehar helduleku izan dituzten interes eta materialak oinarri hartuta. Instalazio hori lekukotza izaeratik —kartelak, argazkiak, erregistro filmikoak, soinuzkoak eta objektualak— prozesu izaerara doa, eta zenbait material dokumentuaren eta obraren arteko igarobidean kokatzen ditu.
Tabakalerako erakusketetan ohikoa den moduan, bi artistek ekoizpen berriak sortu dituzte erakusketa honetarako propio. Alde batetik, Filipek bi obra berri aurkezten ditu. Lan horietan berreskuratu egiten ditu, eskuzko brodatuaren bidez, dokumentuei zein esperientzia pertsonalei lotutako oroitzapenak. Pieza horiek autobiografikoaren eta kolektiboaren artean kokatzen dira. Era berean, Portugalgo Apirilaren 25aren ondorengo artxibo partekatu bat erakusten du artistak, denboran zehar biltzen joan den artxibo pertsonal zabaletik datozen prentsa ebakinez osatua.
Bestetik, Ardanazek aurkeztutako pieza eskaiolarekin eta buztinezko plakekin eginda dago, oroigarrizko horma-irudien eta herri-arkitekturako elementu apaingarrien argazki artxibo batetik hartutako erreferentzietan oinarrituta. Gainera, bi oihal handi erakusten ditu pankarta gisa, XX. mendeko ideologia desberdinen eszenografia eta irudikapen bisuala aditzera ematen dutenak.

