Amara Berriko auzo elkartea: 30 urte auzoaren alde lanean, nekaezin
Hiru hamarkadako ibilbidea egin du dagoeneko Amara Berriko auzo elkarteak, eta, nola ez, urteurrena behar bezala ospatu dute. Iñaki Olasagasti eta Xabier Berridi kideekin elkartearen ibilbidea errepasatu dugu, baita 30 urteotan auzoa nola aldatu den aztertu ere.
Amara Berriko auzo elkartearen 30. urteurreneko festan elkarteko egungo kide eta kide ohi ugari egon ziren. ABAE Duela 30 urte sortu zuten ABAE Amara Berriko auzo elkartea zenbait bizilagunek, Amara-Osinaga auzuneko bizilagunen elkarte gisa: «Orduan berria zen auzo horrek zituen beharrei erantzuteko antolakundea zen hasieran», gogoratu du elkartean 28 urte daramatzan Iñaki Olasagastik.
Laster hasi ziren, ordea, Amara Berri guztiko bizilagunen beharrei erantzuteko lan egiten: «Urteotan, erronka handia izan da elkartea ezagutaraztea eta jendeari ulertaraztea Amara Berri osorako elkartea garela», nabarmendu du Xabier Berridi presidenteak, elkartean hamar bat urte daramatzanak.
Donostiako auzo handienetako bat da Amara Berri, eta, beraz, lan militante handia eskatzen du auzo elkartean aritzeak. Lan hori guztia ospatzeko, festa eder bat egin zuten pasa den larunbatean auzoan, auzotar askorekin, auzo elkarteko kide eta kide ohi ugarirekin eta udaleko hainbat zinegotzirekin, besteak beste: «Oso egun polita izan zen», esan dute Berridik eta Olasagastik. Hiru hamarkadotako ibilbidea errepasatu zuten egun hartan jendaurrean eta horixe bera egin dute orain IRUTXULOKO HITZArekin.
Lana egiteaz gain, pazientzia ere eduki behar dela adierazi dute kideek: «Udala oso mantsoa da, eta egun batetik bestera inprobisatu, eta hitz egindako guztia aldatzen du, inorekin kontsultatu gabe»
Garaiak eta mugarriak
Olasagastik azaldu duenez, lau presidente eduki ditu urteotan elkarteak: «Enrique Fernandez, Jose Luis Fernandez, Mari Sol Txokarro eta ni, Iñaki Olasagasti. Eta, orain, Xabier Berridi da presidentea, bosgarrena».
Denek eduki dute eragina elkartean eta auzoan, noski, baina Jose Luis Fernandezen lana nabarmendu du, lehen mugarri gisa: «Oso garai presidentzialista izan zen, nolabait esatearren, berak baitzeraman elkartearen pisu gehiena; gero, saiatu gara gauzak denon artean egiten. Baina Jose Luisi esker pasatzen da saihesbidea gaur egun pasatzen den lekutik, hasieran, Amaiur parkearen ondotik pasatzekoa baitzen, auzoa erditik zeharkatuz. Hori berak borrokatu zuen eta lortu zuen».
Hori ez da izan, ordea, 30 urteotako garaipen bakarra. Ikasketen plazaren eraberritzea, Amezketa kaleko palmondoen esku hartzea, Isabel IIaren eraberritzea, Antso Jakitunaren hiribidekoa, Aita Donostia plaza berria, Caritasen Aterpearen inguruan egindako lana eta, batez ere, Karlos Iaren hiribidearen eraberritzea aipatu dituzte, hain zuzen ere. «Karlos Iaren hiribidea hesi fisiko zein mental bat zen lehen, han bizi ginenok ez ginen asko etortzen auzoaren alde honetara. Baina, orain, lasai etorri gaitezke, zebrabideak daude, semaforoak…», nabarmendu du Berridik.
Hori bai, lana egiteaz gain, pazientzia ere eduki behar dela adierazi dute kideek: «Udala oso mantsoa da, eta egun batetik bestera inprobisatu, eta hitz egindako guztia aldatzen du, inorekin kontsultatu gabe». Armeris eta Olaeta plazetako eraberritzearen parte hartze prozesua da jarri duten adibideetako bat: «Lortu genuen udalak parte hartze prozesua onartzea, baina bi legealdi eta erdi pasatu dira martxan jarri duen arte. Eta ikusiko dugu noiz egiten duten eraberritzea bera!», dio Berridik.
Auzoa egitea
«Auzoa egiteko» bidean, auzoko hainbat eragileren laguntza goretsi dute kideek: Ikasbide kultur elkartearena, Amara Berri ikastetxearena eta abar. Eta, hain zuzen ere, gero eta auzo bizitza handiagoa dagoela azaldu dute: «Segur aski, Donostiako turistifikazioak eragina izan du, baina jendea konturatu da auzoan bizitza egin daitekeela, auzoan gelditu daitekeela, auzoan giroa dagoela».
Ildo beretik, aisialdi arloko jarduerek elkartean duten garrantzia ekarri dute hizpidera: «Olentzero, San Tomas eguneko ospakizunak, Karmengo jaiak, San Joan sua, Amara Berri Eguna eta abar. Auzoa egiteko oso garrantzitsuak dira, eta urtero-urtero egiten ditugu, gero eta arrakasta handiagoarekin».
Etorkizunerako erronkak
30 urte beteta, ABAEkoek argi dute auzoaren alde lan nekaezinean jarraituko dutela. Eta erronkak ez zaizkie falta: «Topoaren trenbidearen estaltzearekin gabiltza buru-belarri, Gobernu Zibila auzoarentzat izan dadila aldarrikatzen jarraituko dugu, Anoetako partida egunetan sortzen den guztiari aurre egiteko neurriak eskatzen, Easoko trenbide eremuaren proiektuan ere sartuta gaude eta abar luze bat», azaldu du Berridik.
«Auzo sarea» indartzea da erronka nagusietako bat, halere: «Jende berria sartu da elkartean, eta zaintzan jarri dugu fokua azkenaldian, beraien bidez. Auzotik harago doan erronka da, gero eta gizarte zaharragoa baikara, baina garrantzitsua da auzoetan zaintza sare indartsuak edukitzea. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da erakundeen inplikazioa», dio Berridik. «Lan handia» egin beharko dute, baita «pazientzia handia» eduki ere, baina horretarako prest dago Amara Berri, ABAEren eskutik.


