Toki Kultur Elkartea: euskaraz eta aurrez aurre jolasteko espazio berriak
Duela gutxi sortutako Toki Kultur Elkartea Loiolako guraso talde baten ekimenetik jaio zen. Mahai-jokoekiko zaletasunak eta euskarazko eskaintza eskasak bultzatuta, elkartea sortzea erabaki zuten, euskaratik eta euskaraz sortutako jolasak garatzeko helburuarekin. Ez dute soilik entretenimendua eskaini nahi: hizkuntzaren erabilera sustatu eta belaunaldi desberdinak mahai baten bueltan elkartzeko tresnak eraiki nahi dituzte.
Iulen Asurmendi Etxarte eta Jon Fernandez Aranburu, Toki Kultur Elkarteko kideak. June Agirre Ansa Iulen Asurmendi Etxarte eta Jon Fernandez Aranburu elkarteko kideek azaldu dutenez, merkatuan euskarazko zenbait joko dauden arren, gehienak beste hizkuntza batzuetatik itzulitakoak dira. Horregatik, haien asmoa ez da dagoena euskaratzea, baizik eta hasieratik euskal kulturatik eta euskaraz pentsatutako proposamenak sortzea. «Oso garrantzitsua iruditzen zitzaigun euskaratik sortuak ziren jolas propioak sortzea», azaldu dute.
Horren atzean, gainera, kezka zabalago bat dago: euskararen ezagutza handitu bada ere, erabilera ez dela neurri berean hazi. Mahai jokoak familia, lagun eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak sendotzeko tresna aproposa dira.
Baleak, ardiak eta gezurtiak
Toki Kultur Elkartearen lehenengo bi produktu fisikoak karta jokoak dira: 1901 Azken Balea eta Latxa. Horiez gain, azken hilabeteetan Gezurti jolas digitala ere jarri dute martxan.
Euskal balearen ehizan eta itsas tradizioan oinarrituta dago 1901 Azken Balea. San Telmo museoan piztu zitzaien ideia, eta bertatik abiatu ziren euskal bale ehizaren inguruko joko bat diseinatzen. Joko hau 10 urtetik aurrerakoentzat egina dago. Jokoak bi fase ditu: lehenengoan, jokalariek elkarlanean aritu behar dute balea harrapatzeko; behin helburua lortuta, ordea, harrapakina banatzeko unea iristen da eta lehia hasten da. Mekanikari dagokionez, tute estiloko karta jokoa da, baina euskal historiari lotutako kontakizun propio batekin.
Euskarazko aisialdi komunitario baten lehen harria jartzeko modu gisa ikusten dute egindako diru bilketa
Elkartearen bigarren proposamena sei urtetik gorakoentzat zuzenduta dago. Latxa jokoan, jokalariek hamabost ardiko artaldea osatu behar dute. Bidean, ordea, otsoak, ekaitzak edo lapurretak agertzen dira, eta egoerari aurre egin behar diote. Sortzaileen hitzetan, jokoaren gakoa erabakiak hartzeko une horietan dago: «Arriskatu edo ez erabaki behar duzu, eta ziurgabetasun horrek adrenalina pixka bat sortzen du haurrengan». Partida laburrak dira eta estrategia zein elkarrekintza uztartzen dute.
Proiektuaren hirugarren hanka plataforma digitala da. Gazteen artean ezagun egin den Impostor jolasean oinarritu da Gezurti, baina euskaratik eta euskal kulturatik eraikia. Gezurti.eus webgunea doakoa eta kode irekikoa da, ez du erregistrorik eskatzen eta ez dauka publizitaterik. Bertsio honek, ordea, hitz arruntak baino gehiago eskaintzen ditu: herri izenak, euskalkietako hitzak eta euskal kulturari lotutako kontzeptuak txertatu dituzte, eta zenbait kasutan, azalpen osagarriak ere gehitu dituzte. Helburua ez da pantailaren erabilera sustatzea, baizik eta teknologia baliatzea euskarara gerturatzeko eta aurrez aurreko harremanak indartzeko.
Bultzada ekonomikoaren beharra
Ideiak eta prototipoak prest badituzte ere, elkarteak badu erronka handi bat: finantzaketa. Horregatik egin zuten diru bilketa Itsulapikoa plataforman, lehenengo jokoak ekoitzi eta proiektua martxan jartzeko beharrezkoa den gutxieneko dirua lortzeko.
«Ez dugu inongo irabazi asmorik; gure helburua zabaltzea eta euskararen erabilera sustatzea da», diote. Beren aisialdiko orduak eskaintzen dizkiote proiektuari, bakoitzak bere lanetik kanpo, eta lortutako diru guztia elkartearen jarduera elikatzera bideratuko dute.
Kanpainaren bidez bildutako diruarekin lehenengo ekoizpen sorta egingo dute, babesleei jokoak banatzeko eta etorkizuneko jardueretarako stock txiki bat sortzeko. Horrek, haien hitzetan, «gurpila martxan jartzea» ahalbidetuko luke: behin lehen urratsa eman eta produktuak kalean daudenean, errazagoa izango da elkartea ezagutaraztea, joko berriak garatzea eta auzoetan antolatu nahi dituzten tailer eta topaketak abian jartzea. Azken finean, euskarazko aisialdi komunitario baten lehen harria jartzeko modu gisa ikusten dute egindako diru bilketa.
Elkarteko kideek diotenez, proiektuak harrera beroa izan du. Jende askok ideia txalotu du eta euskararen aldeko ekimena garrantzitsu bat dela nabarmendu du.
Jarduna ez da jokoen ekoizpenera mugatuko. Auzo eta herrietan ihes gelak eta bestelako abentura parte hartzaileak antolatu nahi dituzte
Etorkizuneko erronkak
Diru bilketa arrakastaz amaitzea zen lehenengo helburua. Hori ondo beteta, Toki Kultur Elkarteak mahai joko berriak garatzen jarraitu nahi du, betiere euskal kultura, tradizioak eta ohiturak oinarri hartuta.
Hala ere, haien jarduna ez da jokoen ekoizpenera mugatuko. Auzo eta herrietan ihes gelak, Altxorraren bila jolasak edo bestelako abentura parte hartzaileak antolatu nahi dituzte, haur, gazte eta helduak elkartzeko. Mahai joko baten bidez euskara erabiltzea, hitz egitea eta elkarrekin denbora partekatzea. Horixe da Toki Kultur Elkartearen apustua: aisialdia eta hizkuntza eskutik eramatea, belaunaldi berrientzat euskarazko topagune berriak sortuz.


