Abian da 'Eraldenea', eraldaketa ekosoziala eta gizarte gaiak lantzeko programa berria
Gladys Eneako sarreretako bat.Lide Ferreira Kutxa Fundazioak Eraldenea Partekatu, ikasi, gertutik ekin formakuntza programa berria abiatu du, eta dagoeneko zabalik dago bertan izena emateko aukera. Ekimena 2026ko urriaren 6tik 2027ko martxoaren 13ra bitartean garatuko da, batez ere Donostian, Gladys Enean, eta hitzaldiak zein bisitak barne hartuko ditu.
Mundua eta bere ingurua hobetzeko kezka duen 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu dezake. Ez da aurretiko inongo esperientziarik behar, munduarekiko ardura eta norbere ikuskera eraldatzeko gogoa izatea, besterik ez. Programako hitzaldi eta bisita guztiak euskaraz izango dira, tokikotik zein abiapuntu global batetik eraldaketa ekosozialaren aldeko kezkak eta soluzioak partekatzeko espazio bat eskainiz.
Gai sozialak eta ekologikoak
Formakuntzak teoria eta praktika batuko ditu, guztira hamabi hitzaldi eta lau bisita eskainiz. Lau bloketan egituratuta dago, bi hiruhilekotan banatuta, eta denboraldi osoan (lau bloke) zein denboraldi erdian (bi bloke) parte hartzeko aukera dago:
- 1. blokea, Planeta: Krisi ekologikoaren diagnostikoa eta bestelako etorkizun posibleak aztertuko dituzte Gladys Enean, hiru hitzalditan. Amaitzeko, azaroaren 7an Fagollaga Zentral Hidroelektrikora irteera antolatu dute.
- 2. blokea, Pertsonak: Bizitzak erdigunean jarriz, sistemak nor eusten duen aztertuko dute, hiru hitzalditan. Abenduaren 19an bisita eta bazkaria egingo dute Lazkaoko Biziola Kooperatiban.
- 3. blokea, Tokitik zer: Euskal markoak, antolaketa ereduak eta digitalizazioa aztertuko dituzte Gladys Enean, hiru hitzalditan. Otsailaren 13an, bisita eta bazkaria egingo dute Aiaraldea Ekintzen Faktorian.
- 4. blokea, Tokitik Zer (osaketa): Lurralde antolaketa eta kultura aztertuko dituzte Gladys Enean, bi hitzalditan. Martxoaren 13an, bisita eta bazkaria egingo dute Aginagako Bizimaña Herri Kooperatiban.
Formakuntzan askotariko adituak eta elkarteak arituko dira formatzaile gisa; besteak beste, BC3 Basque Centre for Climate Change, Gezki, Emagin, Jakin Fundazioa, Orkestra, Ekintzakoop eta HUHEZI.
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, interesatuek eskuragarri dituzte programaren spota eta programa bera.

