Dbuseko erabiltzaileek Lurraldebusekoen tarifa berdinak izatea eskatu du EH Bilduk
Lurraldebuseko autobus bat, Donostian.Gipuzkoako Aldundia Astelehenetik, Lurraldeko gaueko tarifarik ez dago, Gipuzkoako Aldundiak horrela erabakita. Horren harira, Donostiako EH Bilduk ohar bat plazaratu du lehen balorazio gisa. Aldundiak erabaki hori “aldebakartasunez” hartu izana eta Dbusen zerbitzua aintzat hartu ez izana deitoratu dute.
“Ez dugu ulertzen nola den posible Gipuzkoako Foru Aldundiak gaueko tarifa kentzea Donostiarekin eta Donostiako zein Gipuzkoako zerbitzu emaile nagusienarekin aldez aurretik kontatu gabe: Dbus”, adierazi du alderdiak.
Gipuzkoako garraio publikoen tarifak Garraio Agintaritzaren batzarrean erabaki ohi direla gogorarazi dute. Besteak beste, batzar horretan Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak parte hartzen dute. Hori dela eta, udalari eskatu diote Garraio Agintaritzaren bilera bat eskatu dezala, “aipaturiko tarifa aldaketak Donostiako autobus linea erabiltzaile guztiei mesede egin diezaien eta tarifa homogeneoak sustatu eta adostu daitezen”.
EH Bilduren ustez, “ez da ulergarria” Donostian gaueko zerbitzu bat hartzen duen herritar batek “Dbusen 2,65 euro ordaintzea Añorgara heltzeko, eta Lurraldebusen, deskontuak barne, 0,59 euro Hernanira iristeko”.

