GI-20 errepidea moztuko dute argiteria lanengatik
Gi-20 errepideko Ondarretako sarbidea. Bidegik jakinarazi du GI-20 (Ondarreta) eta AP-8 (Oiartzun) errepideetako 11. eta 12. lotuneak itxi egingo dituztela. Uztailaren 9tik 10erako gauean, 22:30etik 03:00etara, izango da mozketa, argiteria lanak egin ahal izateko. Bidegik gogoratu nahi izan du ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla eta, ondorioz, gomendatu du zuhurtziaz gidatzea eta seinaleen zein lanean arituko direnen jarraibideei kasu egitea.
Lehenengo AP-8ko itxierak egingo dituzte, 22:30etik 00:00etara, Bilboko noranzkoan, Oiartzungo 11. loturan. Adarra guztiz itxi egingo dute eta GI-2134 errepidearekiko loturan ere lanak egingo dituzte. Momentu horretan lotunea erabiltzea aurreikusita daukaten pertsonek Irun Bentak-eko irteera erabili beharko dute eta Jaizubiako biribilgunean buelta eman ondoren, GI-363 errepidea baliatu Gaintxurizketatik Oiartzun edo Errenteriara iristeko.
Behin AP-8ko lanak amaituta, 00:00etan hasiko dira GI-20ko lanekin. Errepidearen 12. lotunean, Ondarretan, bi itxiera egingo dituzte: Alde batetik GI-20rako sarrera eta bestetik Zuatzu industrialderako irteera adarra. Tarte horretan sarrera lotunea erabili nahi dutenek Amarako lotunea erabili beharko dute GI-20ra sartzeko edo Añorgatik Usurbilera joan beharko dute GI-11tik GI-20ra sartzeko. Zuatzura joateko, ordea, Ondarretatik irten beharko dute eta Zarautz hiribidetik Ibaetara joan, handik industrialdera sartzeko.

