Udalak 405.000 euro baino gehiago bideratuko ditu auzoetako mantentze lanak hobetzeko
Haurrentzako lau jolas parke berritu eta hiri osoan farolak zein hiri altzariak margotuko dituzte.
Berritutako hiriko parke bat.Donostiako Udala Espazio publikoa hobetzeko bi kontratu adjudikatu ditu Donostiako Udalak, Tokiko Gobernu Batzordean. Batetik, hiriko lau haur parketako segurtasun zoladurak berrituko dituzte, eta, bestetik, kaleko farolak eta hiri altzariak pintatuko dituzte. Guztira, 405.191 euroko inbertsioa egingo dute.
Haur parkeetarako lanak Montajes Garra enpresari esleitu dizkiote, 105.191 euroan. Horrela, Giuseppe Verdi plazako (Loiolako Erribera), Atotxa Zelaia plazako (Egia), Portutxo plazako (Amara Berri) eta Zilegi Basoa parkeko (Intxaurrondo) jolasgunetako segurtasun eremuak aldatu eta berritu ahal izango dituzte. Helburua da haurrei zuzendutako espazio horien segurtasun, funtzionaltasun eta kalitate baldintzak hobetzea. Lanak egiteko aurreikusi duten epea hamasei astekoa da.
Bestalde, farolak eta hiri altzariak pintatzeko kontratua Pinturas y Contratas Picon enpresari adjudikatu diote. Zerbitzuaren hasierako iraupena hamabi hilabetekoa izango da, eta gehienez 300.000 euroko aurrekontua izango du, kontratuaren indarraldian sortzen diren beharren arabera.
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, inbertsio horiek “gure auzoetako bizilagunek egunero erabiltzen dituzten hurbileko espazio publikoak hobetzen jarraitzeko udalaren konpromisoari erantzuten diote. Horrelako jarduerek ingurune seguruagoak, atseginagoak eta zainduagoak sortzen laguntzen dute, herritarren bizi kalitatea hobetuz eta gure auzoek elkarrekin bizitzeko leku atsegin gisa duten irudia indartuz”.

