«Uniformearen genero bereizketarekin amaitzeko» eskatu dute Dbuseko langileek
Udaletxearen aurrean egin dute elkarretaratzea Dbuseko langileek.LAB Dbus Donostiako autobus konpainia publikoko hainbat langilek elkarretaratzea egin dute astearte goizean udaletxearen aurrean, “uniformearen genero bereizketarekin amaitzeko” eskatzeko. LAB sindikatuak deituta egin dute mobilizazioa.
“Beroari aurre egitea lanean osasun kontua da, eta horregatik, gidari guztiek aukera izan beharko lukete galtza motzak eta gonak janzteko, generoa edozein dela ere”, aldarrikatu dute: “Uniformearen genero bidezko bereizketak ez du lekurik gaur egungo gizarte inklusibo batean, non pertsona bakoitzaren erosotasuna eta ongizatea lehenetsi behar diren”.
Ildo beretik, gehitu dutenez, “janzkera aukera askatasunak, gainera, laneko giroa hobetzen lagun dezake, langileen produktibitatea eta motibazioa handituz. Berrikuntza hauek ez dira soilik berdintasunaren aldeko urratsak; osasuna eta eraginkortasuna sustatzen dituzte, lan ingurunea guztiontzat atseginagoa bihurtuz”.

