«Donostiarren bizi kalitatea bermatuta egon arte, turismo sustapen oro eten egin behar da»
Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotzia, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu EH Bilduk agerraldia egin du EAJren eta PSEren udal gobernuak turismoa “gobernatzeko” azaldu duen “utzikeria” salatzeko, “onartezintzat jotzen dugun egoera batera ekarri gaituelako”. Horren aurrean, udal taldeak duela gutxi aurkezturiko neurri sorta gogora ekarri du Markel Ormazabal zinegotziak.
“Bost jarraibideren baitan gainean jarduteko, 37 proposamen egingarri planteatu ditugu. Donostiak muga bat du, eta politika publikoek auzotarrak subjektu aktibo bihurtu behar dituzte erabakiak hartzeko orduan, eta lehengoratzeko eta murrizteko neurriak hartu behar dituzte. Horretarako, hiriko eta hiri markako sustapen turistiko oro etetea planteatzen dugu, donostiarren ongizatea eta egunerokotasuna eta auzoetako biztanleen bizi kalitatea bermatzen ez diren bitartean”, azaldu du Ormazabalek.
Sustapena bertan behera uzteko, neurri hauek hartu behar direla gaineratu du: “Hurbileko beste erakunde batzuek ere, hala nola Basquetourrek edo Pasaiako Portu Agintaritzak, hiriaren sustapena geldiaraziko dutela bermatzea, eta sektore pribatuak (bidaia-agentziak, turismo enpresak, bidaia aldizkariak eta blogak, plataformak…) hiriaren sustapena eteteko erabakia errespeta dezan lan egitea”. Horrekin batera, 2030eko Munduko Futbol Txapelketa aipatu du, Bilbok eta Donostiak egoitza bateratua izateko hautagaitza aurkeztu dutelako.
Hilton hotela eta Four Seasons
Ormazabalek duela astebete ireki duten Hilton hotelari ere erreferentzia egin dio, Arte Ederren zinematografo zaharrean kokatu dutena. Era berean, Four Seasons luxuzko kateak hirian hotel bat irekitzeko asmoa agertu duela ohartarazi du. “Egoera honek kezkatu egiten gaitu, eta horregatik galdetuko diogu horri buruz datorren astelehenean, egingo diren batzordeetan Hirigintzako
ordezkariari. Jar al daiteke Four Seasons hotel katea Donostiako Udalarekin harremanetan, hedabide batek iragarritako balizko asmo hori gauzatzeko?. EH Bildutik ere Udal Gobernuari eskatuko diogu hotel establezimendu berri honen balizko irekieraren inguruan iritzia eman dezala”, azaldu du.
Bestalde, Donostiako Turismo Sailaren aurtengo aurrekontua eta turismo zinegotziaren hitzak ez direla bateragarriak dio Ormazabalek: “Ezta sinesgarria ere alkateak bere politika turistikoen inguruan duen diskurtsoa. Gobernu honek uko egin dio turismoa gobernatzeari eta industriari egiten utzi dio”. Hori dela eta, alkatea ere interpelatuko du EH Bilduk, “argitzeko ea gobernu honek
sustapenerako aurtengo Turismo aurrekontuak egokitzeko asmoa duen”.
Zinegotziak gogorarazi duenez, 2023-2027 Turismo Planak jasotzen du dagoeneko sustapen eredua birplanteatzeko beharra, helburua ez baita “bisitari kopurua handitzen jarraitzea”. Baina, aldi berean, turismoak eskain ditzakeen aukerak aprobetxatu nahi dira, eta hori “publiko estrategiko batzuei zuzenduz” egin nahi da. Horretarako beharrezkoa da “sustapen masibotik aldentzea, publikoak segmentatzea eta merkatu estrategikoak aukeratzea”. Hau da, turismoaren sustapena egon badago. “Lehentasuna ez da bisitari kopurua, kalitatea baizik”.
Hala jasotzen du planak, eta jarraian baieztapen hau ere egiten du: “Egia da, bestalde, ez dagoela kalitatezko turismorik helmugako espazio publikoa ondo araututa ez badago eta hiriaren nortasuna finkatzen ez bada”. EH Bildu ados dago baieztapen horrekin, “noski, guztiz logikoa delako”. “Baina, errealitatea honakoa da: turismoak hazten jarraitzen du gure hirian, eta, ondorioz, baita sortzen dituen arazoak eta eragozpenak ere. Eta hori horrela turismo jarduera ez dagoelako behar bezala araututa”.

