Herria eta Ilargi tabernetako ikurrinak lapurtu dituzte
Parte Zaharreko Herria tabernaren artxiboko irudia. Herria Kultur Elkarteak salatu duenez, Parte Zaharreko Ikatz kaleko Herria tabernako ikurrina lapurtu zuten astelehenetik astearterako gauean: “02:45ean, hiru lagunek ikurrina kendu dute Herria tabernatik. Zenbait herritarrek balkoietatik errieta egin diete gertatutakoaz ohartzean”. Ez da Herriako banderaren bat lapurtzen duten lehenengo aldia, eta, aurrekoetan gertatu den moduan, bertako arduradunek dagoeneko berrezarri dute ikurrina tabernako mastan.
“Herri honi gainerako herrialdeekin berdintasunean lehiatzeko selekzio bat izateko aukerarik ematen ez dioten berberek lapurtzen dituzte gure ikurrak; ez dute nahi gure sinboloak inon ikustea. Baina jai dute! Ikurrina berriro gure mastan dago eta beti egongo da bertan!”, nabarmendu dute Herriakoek. Hain zuzen ere, Munduko Futbol Txapelketan Espainiako selekzioak Portugalgoari irabazi zion gau berean izan zen lapurreta.
Ilargi tabernan ere
Azken orduotan, Ikatz kaleko Ilargi tabernak ere salatu du gau berean establezimenduko mastetatik lapurtu egin zituztela ikurrina, bandera gorria eta euskal presoen amnistiaren aldekoa. “Argi dugu eraso hau Euskal Herriaren zapalkuntza nazional zein soziala betikotu nahi dutenetik eskutik datorrela”, salatu dute tabernako arduradunek.

