Illunbe eta Erdialdea lotzen dituen autobus zerbitzua larunbatean jarriko dute martxan
Illunbe eta Erdialdea lotzen dituen autobus elektrikoa.Dbus Larunbatean, uztailaren 11n, hasiko da Illunbeko doako aparkalekua eta hiriaren Erdialdea lotzen dituen autobus zerbitzua. Dbusek eta Donostiako Udalak, Mugikortasun Sailaren bidez, bultzaturiko zerbitzuak garraio publikoa sustatzea eta hiriko trafikoa murriztea du helburu. Autobusa 12 metrokoa, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa izango da.
Azken urteotan Gabonetan eta udan eskaintzen du zerbitzua Dbusek. Egunero eskainiko dute zerbitzua, 30 minutuko maiztasunarekin, uztailaren 11tik abuztuaren 31a arte. Hiriko gainerako linea erregularretan ohikoak diren tarifak ordaindu beharko dira zerbitzua erabiltzeko, Dbusek onartzen dituen edozein titulurekin. Hori bai, kontuan hartu bidaia garraio txartelarekin egiten duenak, auzo guztietara doako txandakatzeak egin ahal izango dituela Dbuseko sarean.
Bi geltoki edukiko ditu anezka zerbitzuak:
- Illunbeko geltokia: Irteerak 11:00etatik 22:30era, 30 minutuan behin.
- Mendeurreneko plazako geltokia: irteerak 11:10etik 22:40ra, 30 minutuan behin.
Illunbeko aparkalekuaz gain, Igarako gainazaleko aparkalekua ere erabili ahal izango da disuasio aparkaleku gisa. Aparkaleku horrek 220 leku ditu eta honako Dbuseko linea erregularrekin du konexioa: 5, 25, 24, 27, 33, 35, 40, 43, 45 eta B1. Aparkalekura sarrera libre eta doakoa da, baina gehienez 24 orduz aparkatu daiteke bertan.

