Astebururako hiru plan proposamen Donostian
'The Last Waltz' filma. Zer plan duzue asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, baina, horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian. Era berean, ez ahaztu asteburu honetan hasiko dira Añorgako Karmengo jaiak, eta gure webguneko jaien atal berezian daukazuela informazio guztia.
Ostiralean (hilak 10), zinema arloko gomendio bat egingo dizuegu. Izan ere, Jazzinema zikloaren barruan The Last Waltz filma (Martin Scorsese, 1978) proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan, euskarazko azpidatziekin; 4,5 euro, Tabakaleraren webgunean edo han bertan.
Larunbatean (hilak 11), Gipuzkoa plazako liburu azokara joatea proposatuko dizuegu, izan ere, hau da azoka horren azken asteburua, igandean kenduko baitute. Goizez eta arratsaldez dago irekita, eta askotariko liburuak aurkituko dituzue bertan.
Igandean (hilak 12), jazz zaleentzako edo jazza ezagutu nahi dutenentzako gomendioa: Velvet Jazz taldeak kontzertua eskainiko du Altxerri aretoan, 20:00etan. Sarrerak han daude salgai, 5 euroan.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan bat ere proposatuko dizuegu: asteazkenean (hilak 15) eta ostegunean (hilak 16), Ainhoa Etxeberriak eta Ugaitz Alegriak Tongola euren ikuskizuna taularatuko dute Antzoki Zaharrean, 20:00etam euskaraz; 16-22 euro, Donostia Kulturaren webgunean edo leihatiletan.

