ELAk adinekoen egoitzetako egoera salatzeko beste bi greba egun deitu ditu
ELA sindikatua greban, Donostian.ELA Gipuzkoako adinekoen egoitza eta eguneko zentroetako lan gatazkak 242 greba egun bete ditu, dagoeneko. Egoera horren aurrean, ELAk beste bi greba egun deitu ditu gaurko eta biharko, osteguna eta ostirala.
Sindikatuak Donostiako kaleetara eraman du protesta, eta mobilizazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean amaitu da, erakundeak gatazka desblokeatzeko duen “borondate politiko eta ekonomiko eza” salatzeko.
Negoziazio mahaiaren blokeoa
Hitzarmenaren negoziazio mahaia joan den astean blokeatuta geratu ondoren egin dute mobilizazioa. ELAren arabera, aldeek adostu zuten bilerak etetea proposamen berriak aurkeztu arte, eta, diotenez, orain arte mahai gainean jarritako edukiek ez dute akordioa lortzeko nahikoa oinarri eskaintzen. Hala, negoziazioa geldirik dagoenez, sektorearen arduradun den administrazio gisa, sindikatuak uste du aldundiari dagokiola urrats bat aurrera egitea.
Greba mugagabean dauden egoitzak
Sektore osoan egindako greba egunez gain, gaur egun, Donostiako GSR-La Paz, Txara II eta Villa Sacramento egoitzetako langileek greba mugagabean jarraitzen dute.
Horiez gain, Gipuzkoan badira beste batzuk: Argixao (Zumarraga), San Jose (Ordizia), San Juan (Zumaia) eta Sanmarkosene (Errenteria).

