Zurriolako zubiko farola historikoak garbitzeari eta margotzeari ekin diote
Langile bat Zurriolako zubiko farola bat margotzen.Donostiako Udala Azken hilabeteotan, Zurriolako zubiko farola historikoetan pegatina asko jarri dituzte. Hori dela eta, Donostiako Udaleko Hiri Mantentze Sailak farola ezagunak garbitzea eta margotzea erabaki du. Zutabeak txukundu eta lixatu ostean, gaur hasi dira margotzen, jatorrizko itxura berreskura dezaten. Lanak datozen egunotan bukatuko dituzte.
“Donostia bere elementuengatik ere da ezaguna. Farola horiek ez dira bakarrik argiteria publikoko elementuak; gure historiaren, gure paisaiaren eta babestu nahi dugun hiri zaindu honen parte dira”, adierazi du Iñigo Garcia Hiri Mantentze zinegotziak.
Bestalde, udalak gogorarazi du hiri altzarien gainean pegatinak eta kartelak jartzea ez dagoela baimenduta, eta horrek Zibismoari, Bide Publikoaren Erabilerari eta Garbiketari eta Hiri Paisaiaren Babesari buruzko udal ordenantza urratzea dakarrela.
Udal araudiaren arabera, farolak hiri altzarien parte dira. Horregatik, errespetatzeko betebeharra ezartzen du, elementu horiek zikintzen, kaltetzen edo hondatzen dituen edozein ekintza debekatuta. Gainera, Ordenantzaren 42.2 artikuluak berariaz ezartzen du debekatuta dagoela, udalaren baimenik izan ezean, hiri altzarietan “izaera politikoko edo bestelako eranskailu, kartel, paskin, pankarta edo banderola mota oro” jartzea.
Artikulu hori ez betetzea arau hauste larri moduan tipifikatuta dago, eta 201 eurotik 500 eurora bitarteko zehapen ekonomikoak ekar ditzake. Gainera, erasandako elementua garbitu, konpondu edo bere onera ekartzeak ekarritako kostuak ere erreklamatu ditzake udalak.

