«Kale honi bizitza gehiago ematea gustatuko litzaidake, bizitza euskalduna»
Martxa korrika eta gozoak nahasten dituen kafetegia da. Nekane Larrañagak apirilean ireki zuen, eta hasieratik eraiki du komunitatea: hamaika lagun biltzen ditu larunbatero. Auzo turistifikatu batean egon arren, tokikoaren aldeko apustua da Martxa.
Nekane Larrañaga, Martxa kafetegiko arduraduna.Inge Arzensek Sanchez Zer da Martxa?
Martxa kafetegia baino askoz gehiago da. Elkargune bihurtu da: kirol elkargunea. Momentuz, larunbatero biltzen gara korrika egiteko goizeko hamarretan, baina haratago pentsatzen ari gara: bizikletan ateratzeko edota mendira joateko taldeak osatzea, adibidez.
Nondik dator kafea eta korrika nahasteko ideia?
Bi urtez baino gehiagoz, lesi bat eduki nuen belaunean. Behin hobeto nengoela, Zarautzen triatloi mistoa egitera apuntatu nintzen. Erregularki entrenatzen dutenentzat txorakeria izan daiteke, baina, niretzat, Olinpiar Jokoak izan ziren. Ordea, nire lagunak ez ziren bizikletan ibiltzen, eta, lasterketa prestatzen ari nintzela, bakarrik sentitu nintzen. Horrez gain, ni aurretik Londresen bizitakoa naiz, eta bertan antzeko kontzeptu pila daude. Donostian horrelako aukera falta zen. Gainera, kafea gustuko dut, baita sukaldaritza ere. Hobby ezberdinak batu nituen eta ausartu egin nintzen.
Pare bat hilabete daramatzazue irekita. Nolako harrera izan duzue?
Apirilean ireki genuen lokala eta harrera paregabea izan dugu. Agian, shocka izan da auzoan turistentzat ez den espazioa irekitzea. Tokikoek laster egin dute eurena Martxa. Hala ere, turista batzuk ere etortzen dira, bertako zerbait dela ikusita, are gehiago gustuko baitute. Baina hau euskarari protagonismoa emateko lekua da, baita ere: adibidez, turistaren bat sartzerakoan, beti «kaixo» esanez agurtzen dut.
«Jarduera hauek jendea larunbatero kafetegira ekartzeko modua dira, Parte Zaharrari beldurra kentzeko»
Zergatik erabaki zenuten Parte Zaharrean irekitzea?
Nik hasiera batean ez nuen hemen denda ireki nahi, nire aurreiritziak bainituen. Hilabete luzeak egon nintzen tokiak begiratzen, baina ez zen ezer agertzen. Bat-batean, aukera hau sortu zitzaidan eta esan nuen: «Bale ba!». Orain, konturatu naiz agian nire aurreiritziak atzean utzi izan behar nituela: bai, Parte Zaharra turistentzat da, baina oso euskalduna ere bada. Benetan, auzo hau oso euskalduna da: Ikatz kalea hemen ondoan dago eta baditugu gure txokoak oraindik Parte Zaharrean. Oso pozik nago hartutako erabakiekin.
Nolakoak dira antolatzen dituzuen korrika saioak?
Whatsappeko komunitatea daukagu, Instagrameko gure profilean dago esteka bertan sartzeko: ehun pertsona baino gehiago daude. Hor botatzen dugu gure proposamena. Behin erabakita, hemen gelditzen gara eta denok batera goaz berotzera. Beroketa, normalean, Hodei Errasti nire entrenatzaileak egiten du. Gero, taldeetan banatzen gara: normalean, bost kilometrokoa eta hamarrekoa. Hasieran, erritmoa ipintzen dugu, baina, orokorrean, taldea autorregulatu egiten da.
Dohainik al da?
Bai, dohainik da. Guk eskaintzen dugun zerbitzua da: jendeak mugitu nahi du hori delako faltan botatzen duena, horregatik antolatzen dugu saioa. Eta gero, jendeak nahi baldin badu bukatzean lokalera sartu, gonbidatuta dago, baina ez da derrigorrezkoa, noski. Niretzat, jarduera hauek jendea larunbatero kafetegira ekartzeko modua dira, Parte Zaharrari beldurra kentzeko.
«Detaile guztiak zaintzen saiatzen gara, bai produktuena eta bai harremanena»
Nor animatzen da parte hartzera?
Gehienak euskaldunak dira. Badago jendea ez dena euskalduna, baina bai hemen inguruan bizi dena. Orain, beste talde bat sortu nahi dut, hasiberrientzat. Jendea esaten ari zait (seme-alabak dituztenak, bereziki) agian beraientzat gehiegi dela. Beharbada, bost kilometroko lasterketa egin ordez, hiru kilometrokoa egiterik badago, edo oinez, hasiberrientzat.
Kafeak eta gozokiek ere protagonismo handia dute. Nolako garrantzia du zuentzat?
Hemen espezialitate kafea dugu, matcha zeremoniala eta janari guztia nik egiten dut: cookie-ak, brownie-ak, brookie-ak… okurritzen zaidana egiten dut. Hau familiatik datorkit, nire birraitonak jatetxea zuen, nire aita sukaldaria izan da eta niri betidanik gustatu zait.
Eta hemendik aurrera, nola irudikatzen duzu Martxaren etorkizuna?
Harrera bikaina eduki du Martxak eta sentsazio ona daukagu. Produktu onekin egiten dugu lan eta detaile guztiak zaintzen saiatzen gara, bai produktuena eta bai harremanena. Batzuek denda «heriotzaren kalean» ireki dugula dioten arren, niri kale honi bizitza gehiago ematea gustatuko litzaidake: bizitza euskalduna, hemengoa. Jendea etortzen bada eta pozik joaten bada, guretzat nahikoa da.


