Txurro eta txokolate zaporea du elkartasunaren memoriak
Herri koplatxo batek bizirik mantendu du Marcelino Celigüeta txurro denda. Txoko hura hiriko arrakastatsuena izan zen, baina inbidiak eta 36ko gerrak harekin akabatu zuten. Bere abizena, ordea, euskal sukalde guztietara iritsi da egun, patata frijitu marka ezagun bati esker.
Marcelino Celigüeta txurro denda, 1936an.Kutxateka Amaran, 1930eko hamarkadan, publizitate tarte gisa, sarri entzuten zen doinu bat: «En Amara 35 hay una gran churrería, Marcelino Celigüeta de fama reconocida. En churros y chocolates, cafés y buenas bebidas, y un salón de gran confort para las niñas bonitas. Es verdad, sí señor, para las niñas bonitas…».
Geroago, Orfeoi Txikiak bere errepertorioan berreskuratu, eta Urko abeslariak ere herri ekitaldi batzuetan kantatu izan duen koplatxo horrek garai bateko txurro denda-txokolategi ezagun baten dotorezia eta ospea gogorarazten du.
Amara kaleko 35. zenbakian zegoen lokal hura, eta mostradorearen atzean, Marcelino Celigueta: Cintruenigotik (Nafarroa) 1896 inguruan Donostiara heldutako gizon ekintzailea eta nekaezina. Osasun Iturri kalean kokatu zenean, bere bi anaia ere hiritik gertu lan egitera ekarri zituen, eta Amaran bertan ireki zuen txurro denda. Ingurua askotarikoa eta bizia zen, garai hartan «bizi txarreko» deitzen ziren bi lokalen aldamenean baitzegoen.
Arrakasta eta herri bizitza
Lokalak sekulako harrera izan zuen hiritarren artean, batez ere, jaiegunetan eta klase aberatsaren festen ondorengo ordu txikietan. Celiguetak negozioa zabaltzeko zuen grinak bultzatuta, txurro denda ibiltariak jarri zituen gero, gaur egungo Araba parkean, 1930eko hamarkadan azoka esparru handi bat egoten baitzen han.
Horrez gain, auzoko jaietan, bi postu handi kudeatzen zituen lantalde zabal batekin, non txurroak txokolatearekin eta kruxpetak saltzen zituzten. Bere arrakasta ekonomikoaz gain, Celigueta gizon solidariotzat zuten amaratarrek: Donosti Berri elkarteko presidenteordea izateaz gain, gizarte ekintzetarako eta beharra zutenei laguntzeko diru bilketak egiten zirenean, txurro dendaren telefonoa izaten zen harremanetarako bidea.
36ko gerraren arrastoak
36ko gerra hasi eta tropa frankistak Donostian sartu zirenean, Celiguetaren anaiek hiritik alde egin zuten. Berak, ordea, ez zuen arriskurik ikusi eta lanean jarraitu zuen. Tragedia, ordea, hilabete eskasera iritsi zen: inbidia komertzialaren ondorioz, auzokide batek haren izena salatu zuela susmatzen da.
Ondarretako kartzelara eraman zuten lehenik, eta 1936ko urriaren 24an atera zuten handik, Hernaniko hilerrian fusilatua izateko, 40 urte pasatxo zituela. Bere familia, etsita, bila eta bila aritu zen; emaztea tarotaren bidez (ere) haren arrastoari jarraitzen saiatu zen. Seme-alabak, ordea, Okendo kaleko Gobernu Zibilera joan ziren argibide eske, baina han esan zieten jada ez zegoela bertan eta etxera bidean zatekeela. Inoiz ez zen bueltatu.
Txurroetatik, patata frijituetara
Emaztea 1945ean hil ostean, bi semeek hartu zuten lokalaren gidaritza. Gazteegiak zirenez, negozioak bidea galdu eta, azkenean, beste jabe batzuen eskuetara pasatu zen, taberna gisa. Dena dela, Marcelinoren seme Angelek, aitaren ekintzailetza berreskuratu zuen: patata postu bat jarri zuen Plaza Berrian; gero, San Lorenzo kalera aldatu zuen denda, txurro denda eta patata salmenta batuz, eta, handik gutxira, hiri osoko ostalaritza lokalak patata frijituz hornitzen hasi zen.
Ondorengo belaunaldiek, hala, enpresaren dimentsioa aldatu zuten. Hernanin abian jarritako lantegia, Araiara (Araba) eraman zuten, eta bertan Patatas Celigüeta marka handia sortu zuten (lehenago, Aperitivos del Norte izenarekin ezaguna). Handik, eskualde osoko supermerkatu eta denda kate handiak patataz hornitzeko gaitasuna lortu zuen enpresak, Amarako txurro denda txiki haren abizena euskal elikadura industriaren historian iltzatuta utziz.


