100 urte bete dira Igeldoko giza zoologikoa ireki zutenetik
«Igeldo herrira atzo iritsi ziren senegaldarren taldetxo bat». 'La Voz de Guipúzcoa' (1926-07-11) Mende bat bete zen ostiralean, hilaren 10ean, Donostiako Igeldo mendiko jolas parkean giza zoologiko bat ireki zutenetik. La Voz de Guipúzcoa egunkariak jaso zuen biharamunean giza zoologikoaren irekieraren informazioa, “Donostiako historiaren efemeride” izango zela nabarmenduz: «Lehen aldia izango da beltzen kolonia bat ezarriko dela mendi euzkaro batean». IRUTXULOKO HITZAk giza zoologiko haren inguruko erreportajea argitaratu zuen 2024ko otsailean.
Jatorri senegaldarreko hiru tribu jaso zituen Igeldoko jolas parkeak duela ehun urte, guztira, 102 pertsonekin. Kronikan jasotzen denez, La Rochelletik (Frantzia) itsasontziz pasatu ostean, Norteko geltokira heldu ziren. “Zazpi urtetik beherako hemeretzi haur, zortzi 7-15 urtekoak, hogeita zazpi emakume, lau neskatila, eta gainontzekoak, adin guztietako gizonak” zeuden giza zoologikora eraman zituzten pertsonen artean.
Gaur egun baino askoz ere arrazakeria handiagoa zegoen Europan garai hartan, eta Euskal Herria eta Donostia ez ziren salbuespena, noski. Europan modan egon ziren giza zoologikoak, 1870 eta 1930 urteen artean, batez ere. Bereziki, Frantzian, Belgikan eta Alemanian jarri zituzten halakoak, haien kolonietako eta kolonia ohietako pertsonekin. Bistan denez, ordea, Donostian ere egon zen halakorik.

