Borja Corominas izango da Donostiako PPren alkategaia 2027ko udal hauteskundeetan
Borja Corominas PPren bozeramailea, artxiboko irudi batean.PP Urtebete baino gutxiago gelditzen da 2027ko udal hauteskundeetarako, eta Donostiako PPk iragarri du dagoeneko nor izango den bere alkategaia: Borja Corominas, egungo PPren udal taldearen burua eta bozeramailea. PPk Espainiako Estatuko hiri gehienetako agintari eta ordezkariak bilduko ditu larunbat honetan (hilak 18), Santiago de Compostelan (Galizia), eta Corominas bertan izendatuko dute ofizialki Donostiako alkategai gisa, estatuko beste hainbat hautagai izendatzearekin batera, Donostiako PPk hedabideei gaztelania hutsean bidalitako ohar batean azaldu duenez.
“Izendapen honekin, PPk Borja Corominasengan duen konfiantza berretsi du Gipuzkoako hiriburuan alderdiaren proiektua gidatzeko”, nabarmendu du alderdiak. Horrela, “Donostiarentzako gobernu alternatiba bat sendotzeko” hautagaia izango da Corominas, PPren hitzetan, “kudeaketan, bizilagunekiko hurbiltasunean eta hiriaren interesen defentsan oinarrituta”.
“Azken urteotan, Corominasek etxebizitza, segurtasuna, mugikortasuna, tokiko merkataritza eta zerbitzu publikoen hobekuntzaren moduko gaietan zentratu du bere oposizio lana, Donostiako ondare historikoaren defentsaz gain, donostiarren bizi kalitatea hobetzera bideratutako ekimen ugari osoko bilkurara eramanez”, gaineratu du alderdi espainiarrak. Gogoratu behar da, halaber, Kaleko Afari Solidarioak taldearen aurkako 2024ko elkarretaratze entzutetsuan parte hartu zuela Corominasek.
Bigarrenez alkategai
Corominas bigarren aldiz izango da Donostiako alkategaia, 2023ko udal hauteskundeetan ere bera izan baitzen PPren zerrendaburua. 2019tik da zinegotzia, urte hartako udal hauteskundeetan Borja Semper buru zuen hautagaitzarekin sartu baitzen udalean. Egun, bere alderdiak hiru zinegotzi ditu Donostiako Udalean.

