EH Bilduk arduraz jokatzeko eskatu dio EAJri, La Cumbre lagatzeko prozesuan
Aieteko La Cumbre jauregiaren kanpoaldea.Joseba Parron San Sebastian La Cumbre eraikinari atxikipena kentzeko izapideak hasi zituela iragarri zuen otsailean Donostiako Udal Gobernuak. Ordea, EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak 2022an sinatu zuten akordioa gauzatzeko eskura dauden mekanismo guztiak “martxan jarri gabe” jarraitzen duela deitoratu du koalizio abertzaleak.
Horiek horrela, Juan Karlos Izagirre bozeramaileak interpelazio bat aurkeztu du Pertsonentzako Zerbitzuen udal batzordean, eta EAJren “geldotasuna eta prozesua oztopatzeko duen jarrera” berretsi ahal izan dutela adierazi du: “Nola ulertzen da bestela joan den otsailaren 18tik gordeta izatea dokumentu bat zeinari erantzun bat ematea izapide hutsa den? Nola ulertzen da gainerako taldeek horren berri ez izatea? Nola ulertzen da dagokion batzordeetan horri buruz ez hitz egitea eta talde memorialistei horren berri ez ematea? Eta, gainera, gobernuari entzun behar izan diogu horrela gobernatzea gardentasunez gobernatzea dela”.
Jeltzaleak “opakotasunez eta alderdikeriaz gobernatzen” ari direla dio EH Bilduk. “Eta harrigarria da EAJko ordezkariaren ahotan entzutea inork galdetu ez duelako ez dutela informaziorik eman. Nola galde daiteke inork existitzen zela ez zekien zerbaiti buruz? Sinestezina da Gobernu bat arduraz jokatzeko gai ez izatea, eta inork dokumentu horri buruz galdetu ez zuelako aitzakia jartzea. Hau al da EAJren gobernatzeko modua? Gardentasunez, iniziatibaz eta arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Azken finean, egoerak eskatzen duen mailan egon dadila”, esan du Izagirrek.
Diskurtso “hutsa” entzun dutela adierazi du bozeramaileak: “Zehaztasuna falta izan da, ez dago datarik, ez daturik”. Aldez aurreko lana eginda dagoenean, eta Espainiako Gobernuarekin akordio bat badagoenean, “izapide administratibo huts” bat aipatzen ari dela esan du Izagirrek: “Espainiako Gobernuarekin adostutako lagapen-zirriborroa eta erraz egiteko beste hiru dokumentu”.
Udal taldearen ustez, hau guztia prozesua luzatzeko “aitzakiak” dira, “EAJko ordezkaria ez da ezer zehazteko gai izan”. Batzordearen ostean, Izagirrek deitoratu egin du “honelako aukera bat urte bateko epean ez gauzatzea, besterik gabe, jatorrian EH Bilduren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio bat dagoelako”.
Horrela ere, EH Bilduk lanean jarraituko duela nabarmen du “La Cumbre errealitate izan dadin memoria historikoaren zentro gisa, Estatu indarkeriaren biktimen errealitatea jaso dezan eta Aiete auzorako, Donostiarako eta Euskal Herri osorako topagune izan dadin”.

