Erdian Bizik auzoko berritze prozesuen informazio falta salatu du
San Martin eta Loiola kaleen arteko gunearen artxiboko irudia.Donostiako Udala Loiola eta San Martin kaleak berriz urbanizatzearen prozesuari buruzko informazio falta salatu du Erdian Bizi auzo elkarteak. Orain dela bi hilabete esleitu zioten Jaizubia konpainiari aipatutako kaleak berritzeko kontratua eta lanak hasi dituzten arren, auzokideei ez diete proiektuaren inguruko informaziorik eman, auzo elkartearen arabera. Erdian Bizik aipatu du ziurtatu dezaketen gauza bakarra “Loiola kaleko zatiaren zuhaitz guztiak ezkutuan moztu dituztela” dela. Gainera, zuhaitz horietako batzuk tamaina eta heldutasun handikoak zirela ziurtatu du.
Proiektua Jaizubia konpainiari esleitu zion duela bi hilabete Euskal Trenbide Sareak (ETS), Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailaren menpe dagoen erakundeak. Proiektua Loiola eta San Martin kaleetan dauden topoaren irteerek eragindako eremuak berriz urbanizatzeko da.
Auzo elkarteak Zaragoza plazan egindako proiektuarekin alderatu du proiektu hori, eta ondorioztatu du oraingoa ez dela “batere gardena edo onuragarria” izaten ari. Hain zuzen ere, Zaragoza plazako planak zein izango ziren hasieratik jakin zela adierazi du auzo elkarteak.
Donostiako Udala herritarren lankidetza ukatzen ari dela uste du auzo elkarteak, eta horregatik udaleko gobernu taldeari eskatu dio proiektua jendaurrean aurkezteko eta parte hartze prozesu bat abian jartzeko: “Donostiako topagune nagusietako bat izango den horretan, espazio eder eta jasangarri bat lortzera bideratutako parte hartze prozesua”.

