Euskadiko hiriburuetako zabalguneak aztertu ditu Euskadiko Arkitektura Institutuak
Gaur aurkeztu dute 'Zabalguneak Euskadin: Trazatutako edozein garai hobea izan al zen?' erakusketa.EAI Euskadiko Arkitektura Institutuak (EAI) Zabalguneak Euskadin: Trazatutako edozein garai hobea izan al zen? erakusketa berria aurkeztu du. Irailaren 27ra bitartean egongo da zabalik eta Santa Teresa komentuan egingo duten azkena izango da, erakundea Tabakalerako hirugarren solairura lekualdatuko baita udazkenean.
Luis Tena Nuñez arkitektoa da erakusketaren komisarioa. Bere helburu nagusia XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran Europako hirietan, eta bereziki Euskadin, garatutako zabalguneak balioan jartzea da: ibilbideak Donostiako, Bilboko eta Gasteizko zabalguneak alderatu eta aztertzen ditu, dokumentazio historikoaren, argitalpenen eta hiru hiriburuetako oinplanoak alderatzen dituen proiekzio zenitaleko instalazio baten bidez.
Aurkezpen ekitaldian izan dira, besteak beste, Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua, Luis Tena komisarioa, Carlos Arruti Maushauseko kidea eta EAIko bitartekaritza arduraduna, eta Jose Angel Medina Murua EAIko zuzendaria. Itxasok nabarmendu duenez, gaur egungo erronkei aurre egiteko irakaspen baliagarriak eskaintzen dituzte zabalguneek: “Gaur ere harresiak eraitsi behar ditugu: etxebizitza eskuratzeko zailtasunak, segregazio soziala, hiri sakabanaketa edo gure hiriak klima aldaketara egokitzeko beharra”.
Lau dimentsio
Tenak azaldu duenez, erakusketa lau dimentsio osagarritan banatzen da: teoriko dibulgatzailea, euskal zabalguneetan zentratutako analitikoa, jatorrizko trazaduraren ikuspegi dokumentala, eta azkenik, ikuspegi pertzeptibo eta sentsoriala.
Azken atal horri dagokionez, bitartekaritza artistikoko hiru pieza aurkeztu dituzte, Gasteizko Ekialdea BHI eta Bilboko Miguel de Unamuno BHI ikastetxeetako ikasleek Susana Blasco, Nagore Legarreta eta Tzesne artistekin elkarlanean sortutakoak. Hiri hutsuneari eta memoria kolektiboari buruzko hausnarketa proposatzen dute lan hauek.
Horrez gain, erakusketak Bartzelonako Cerdá plana ere hartzen du abiapuntutzat, eta 1970eko hamarkadan zabalguneen inguruan egondako balio berreskurapena gogorarazten du, tartean Donostiako Arkitektura Astea ekarriz.
Jarduera osagarriak
Erakusketarekin batera programa zabala antolatu dute hurrengo asteetarako: hilaren 21ean, Jose Ignacio Linazasororen Permanencias y arquitectura urbana liburua aurkeztuko dute; hilaren 25ean eta irailaren 5ean, bisita gidatuak egingo ditu Tena komisarioak, euskaraz zein gaztelaniaz; eta, amaitzeko, familientzako tailerrak antolatu dituzte irailaren 4an eta 11n, hiriaren historiari buruz hausnartzeko.

