Turismoaren negozioari aurre egiteko, «auzo antolakuntza» aldarrikatu du Saretxek
Saretxe sindikatuak iaz egindako mobilizazio bat, Groseko kaleetan barrena.Inaxio Esnaola Donostia “aire zabaleko museo eta merkataritza gune bilakatu” dutela salatu du Saretxe etxebizitza sindikatuak. Horren aurrean, antolakuntzara deitu eta udan zehar mantxan egongo den kanpaina bat abiatu dute, Turismoaren negozioaren aurrean, auzo antolakuntza lelopean.
Saretxek salatu duenez, hiriak urteak daramatza “turismo masiboaren” ondorioak jasaten: “2025ean 1.019.260 turista jaso zituen, eta azken hamar urteetan atzerriko bisitarien kopurua %120 hazi da. Aldi berean, alokairuaren prezioak etengabe igo dira, hileko 18 euro metro koadroa gaindituz, eta etxebizitza eskuratzeak etxeen diru sarreren %37,9 bideratzea eskatzen du, jasangarritasun mugatik gora. Bestalde, 2023an Donostiako etxebizitzen %16,4 ez ziren ohiko bizilekuak; tartean zeuden 4.392 denboraldiko etxebizitza eta 2.109 etxebizitza huts. Turismoaren hazkundea hotel-eskaintzan ere islatu da: 2015etik 2025era hotel kopurua 104tik 155era igo da (%49). Eta bien bitartean, 500dik gora pertsona bizi dira kale egoeran”.
Auzoek pairatzen dituzten turistifikazio prozesuek “langileon bizitzen etengabeko prekarietatea” sortzen dutela kritikatu dute, “izan etxebizitzaren prezioaren igoeraren bitartez, espazio publikoaren pribatizazioaren bitartez, lan prekarietatea areagotuz edo turismoari bideratutako zerbitzuen areagotzearen ondorioz”. Era berean, turistifikazio prozesu horiek auzoko bizilagunak kanporatzen dituztela diote, “eta dirua egitea helburu izanik, auzoak bere osotasunean produktu bilakatzen dituzte. Horren ondorioz, auzo sarea ahuldu egiten da eta bizilagunen arteko harremanak gero eta ezegonkorrago bihurtzen dira”.
Horrez gain, turismoaren “mesedetan” eta Donostiako “langileon interesen aurka” bultzatzen diren hirigintza proiektuak seinalatu ditu Saretxek: “Hotelak, Basque Culinary Center, metroa,Antondegiko olatu igerilekua eta Auditz Akular”. Dena dela, proiektu horien aurka antolatu eta borrokatu den herri mugimendua nabarmendu dute: “Izan ere, herri antolakuntza izan da, da eta izango da erresistentzia egiteko tresnarik eraginkorrena. Bakoitzak bere eremutik, guk etxebizitzaren alorretik, baina denok helburu berarekin: hauspotu dezagun turismoaren negozioaren aurrean auzo antolakuntza!”.

