2023ko Greba Feminista Orokorraren harira auzipetutakoei babesa adierazi diete Donostian
Donostiako epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin du Denon Bizitzak Erdigunean dinamikak, 2023ko Greba Feminista Orokorrean hainbat grebalariren aurkako prozesu judiziala salatzeko.Denon Bizitzak Erdigunean Ia hiru urte pasatu dira 2023ko azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorretik, baina, oraindik ere, egun hartan atxilotuak izan ziren hainbat grebalariren aurkako prozesu judizialek aurrera jarraitzen dute. Hain zuzen ere, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak deituta, hainbat feministek elkarretaratzea egin dute ostegun goizean Donostiako Justizia Auzitegiaren aurrean, greba egun hartan atxilotu zituzten Zumaiako hiru kideri elkartasuna adierazteko.
Izan ere, desordena publikoa eragitea egotzita, sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diete Zumaiako kide horiei; akordio batera iristeko aukera ere badute, eta, kasu horretan, 1.000 eurotik gorako isunak ordaindu beharko dituzte. “Biak ala biak zigor onartezinak dira”, salatu dute feministek.
Gogorarazi dute, halaber, 2023ko azaroaren 30eko greban “zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde borrokan ari ziren hainbat grebalari” identifikatu zituztela Euskal Herri osoan, eta Zumaian ez ezik, Gasteizen eta Donostian ere egin zituela atxiloketak Poliziak.
Mobilizazio nazionala, 2027an
“Testuinguru horretan, inoiz baino gehiago, borrokan jarraitzea dagokigu”, nabarmendu dute: “Borrokan, halako erasoei aurre egiteko; eta borrokan, sistema bera errotik aldatzeko, tartean, zaintza eraldatuz. Bide horretan, maiatzaren 10ean publiko egin genuen deialdia gogoratuz amaituko dugu: 2027ko apirilaren 17an mobilizazio nazionala egingo dugu Bilbon. Egun hori zaintza eraldatzeko herri konpromisoaren adierazpen bateratua izatea nahi dugu, ardurak hartzea exijitzeko eta garaipen berriak lortzeko urrats bat gehiago”.

